Hondarribiko Udalari proiektua bertan behera uzteko eskatu diote alderdi guztiek aho batez, eta tokiko merkataritzari babesa adierazi.
Hondarribiko Zaldunborda eremuan eraiki nahi duten outlet herrixka proiektuaren kontra bozkatu du Irungo Udalbatzak. Si se Puede Irunek (SPI) eta EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu zuten asteazkenean osoko bilkuran, eta alderdi guztiek testu bateratu bat adostu zuten. Testu horren bitartez, Hondarribiko Udalari proiektua bertan behera uzteko eskatu zioten aho batez. Irungo alderdiek kezka azaldu zuten eskualde osoan eragin handia izango lukeen proiektuaren aurrean. Gainera, “tokiko merkataritzari eta haren garapenari babesa” adierazi zioten.
Maiatzean mobilizazioak hasi zituzten Hondarribian udal gobernuak Zaldunbordarako dituen planen kontra. Hil horren 25ean kontzentrazioa egin zuten Damarri plazan; hamabost eragilek egin zuten bat protestarekin eta 150 pertsona inguru elkartu ziren.
Astebete lehenago,
Argi gutxiegi lur zikinetan erreportajea argitaratu zuen HITZAk, eta bertan Gipuzkoako merkatarien, eta Bidasoaldeko ekologisten ikuspuntua jasotzen zen, baita Hondarribiko alkatearen eta gaia azalarazi duen oposizioko Abotsanitz taldearen iritzia. Besteak beste, lur eremua erosteko prozedura nola egin den azaltzen du erreportajeak, eta zalantzan jartzen ditu hidrokarburo enpresa batek saltoki zentro bat eraiki nahi izateko arrazoiak. Azken asteetan sareetan zabaldu diren zenbait informaziok Pasaiako kanpoko portuarekin lotzen dute enpresa horrek Zaldunbordan izan dezakeen interesa.
Jaizkibel eta Aiako Harriko korridore ekologikoan dago Zaldunborda