Martxoan bost urteko zigorra ezarri zioten, horietatik bi baldintzapean. Alemanian preso emandako denbora aintzat hartu du Parisko epaileak.
2014ko urrian atxilotu zuten Tomas Elgorriaga. Argazkia ordukoa da
Tomas Elgorriaga Kunze preso hondarribiarra ekainaren 25ean irtengo da Fleury-Merogis presondegitik. Presoaren ingurukoek jakinarazi dutenez, hori da bere auziaren ardura duen epaileak zehaztu berri duen data. Halere, presoa Espainiako Estatura kanporatu dezaketela gaineratu dute.
Urtarrilaren 19an epaitu zuten hondarribiarra Parisen, eta martxoaren 2an ezagutarazi zuten epaia. Bost urteko zigorra ezarri zioten Elgorriagari, hiru urte kartzelan bete beharrekoak, eta beste biak baldintzapean aske.
2014ko urrian atxilotu zutenez, aurten geratuko litzateke libre, baina epaiak ez zuen data zehazten. Besteak beste, Alemanian preso igarota denboraren konputazioa zehazteke zuen epaileak, eta dagoeneko egin du.
Hortaz, Tomas Elgorriaga sei aste barru aterako da kalera. Haren aurkako euro agindurik ez dagoenez eta Espainiako epaitegiek hondarribiarraren kontrako eskaerarik ez dutenez, dena ongi, ekainaren 25ean libre geratu daiteke Tomas Elgorriaga. Nolanahi ere, hondarribiarra “Espainaratzeko arrisku handia” dagoela ohartarazi dute haren ingurukoek.