Gure Esku Dago herri egitasmoaren ildotik datorren Hartu Hitza adosgunea aurkeztu dute Irunen, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma berria.
Hilaren 7an aurkeztu zuten Gure Esku Dago-tik sortutako Hartu Hitza adosgunea.
Irungo herritarrek ere euren etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea bermatu nahi dute. Horretarako, Irungo bizilagun ugari hitza hartu eta erabakitzen hasiko dira.
Hilaren 7an Irungo Hartu Hitza adosgune berria aurkeztu zuten. «Adosgunea azken hilabeteetan hainbat herritan egin diren galdeketen olatuarekin bat egiteko» sortu dute, Itziar Gomez batzordekideak esan zuenez. Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan Gure Esku Dago dinamikatik sortutako herri galdeketak egin ondoren, Irungo Gure Esku Dago motorrak berotzen hasi da etorkizunari begira.
Gure Esku Dago-ren ildo berberetik sortutakoa da elkarte berria. Ezinbestekoa ikusten dute «herritarrei hitza ematea» Irungo plataformatik, eta horretarako, 2018ra begira, herri kontsulta bat prestatuko dute. Helburu nagusi bezala, beraz, hurrengo urtean hirian herri galdeketa egitea jarri dute.
Dagoeneko hasi dira lehen urratsak egiten datorren urtean hiriko hainbat lekutan ipiniko diren hautetsontziek emango duten aukera demokratikoari begira. Oraindik galdeketaren data zehatza ez dute finkatu, baina iniziatibako kideek argi dute 2018a izango dela hiritarren erabakitzeko eskubidearen alde pauso garrantzitsua emango duten unea.
Sinadura bilketa, oinarri
Bidasoko hirian gauzatuko den galdeketak 2016ko sinadura bilketan du oinarria. Erabakitzeko eskubidearen alde egindako adierazpen publikoa 300 irundar esanguratsuk sinatu zuten, Euskal Herriko etorkizuna marraz dezakeen herri galdeketari euskarria eman asmoz.
2016ko ekainaren 5ean egin zuten horren berri emateko agerraldia. Irungo musikari, kirolari, aktore, politiko eta gizarte eragile askok sinatu zuten aurkeztutako dokumentua. Datorren urteko galdeketa prozesurako beste ehunka hiritarren babesa lortzea izango da hurrengo hilabeteetan egin beharreko lehen jarduna.
Aurretik datorren dinamika da herri galdeketarena. Joan den martxoaren 19an, adibidez, Oarsoaldeko lau udalerrietan —Euskal Herriko beste askorekin batera— erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa egin zuten. Galdeketan milaka lagunek hartu zuten parte, jai giroan bizitutako egun handian. Ildo berean, prozedura berarekin, aurrera doaz Irunen ere. Bidasoa ez da atzean geldituko, beraz, herri galdeketen olatuan.
Estatusa, eztabaidagai
Hartu Hitza adosgunearen lehen helburua «estatus politikoaren inguruko eztabaidan sakontzea» da. Erabakitzeko eskubidea, antolatzaileen hitzetan, «printzipio demokratiko» bat da, eta herritar guztien artean erabakitzeak «helduago, demokratikoago, partaideago eta arduratsuago» egingo ditu irundarrak. Galdeketara iristeko prozesuan ideia eta iritzi ezberdinak entzungo dituzte, «denen artean etorkizuna eraiki ahal izateko», prozesuaren sustatzaileek esan dutenez.
Beste xedeetako bat «irundarren erabakitzeko eskubidea babestea, herritarrok iniziatiba hartzea, ahalduntzea eta urratsak egitea» izango da. Herritarrak protagonista izan daitezen saiatuko dira, «ariketa demokratiko» baten protagonista. Prozesua bera «herri-erabakitzearen kultura garatzeko» eredu izango dela ere uste dute Irungo Hartu Hitza adosgunetik: «Edozein gairen gainean gure iritziak emateko eta erabakiak hartzeko eskubidea dugu, ahaldundutako jendarte batean sinesten dugulako». Demokrazia parte hartzailea bultzatzea da sortu berri duten plataformaren beste nahi nagusietako bat.
Dinamika berriaren azken helburua Irungo herritarren arteko «elkarbizitza hobetzeko pausoak ematea» da. Horretarako, demokratikoki hartutako erabakiak errespetatuz, «bizikidetza demokratikoa bultzatzen» ari dira.
Martxel Telletxea adosguneko lehendakariordearen hitzetan, «helburuek dioten bezala, Irun Hartu Hitzak jatorri eta nortasun desberdineko irundarrak batu» nahi ditu, «herri batek elkarrekin aurrera egiteko ezinbestekoa» ikusten dutelako elkarrenganako errespetua eta lana bermatzea. Lan hori galdeketaren egunean ez ezik, aurretik egingo diren jarduera eta hartu-eman guztietan gauzatuko dela adierazi dute Hartu Hitza garatzeko ardura hartu dutenek.
Urruti dirudien arren, geroz eta gertuago dago Irungo ariketa demokratikoa. Datorren urtean hasiko dira etorkizuna erabakitzen, zer izan nahi edo nahi ez duten esateko garaia izango dute. Lanean ariko dira adosgunetik etorkizunaren norabidea definitu dezakeen erabakia hartzeko, egunez egun. Norberak bere hitza har dezan, jada Irungo eta Euskal Herriko etorkizuna erabakitzen hasi dira.