Idoia Genua Altzuriri elkarrizketa, Korrikaren harira
Urte askoz AEKn lanean, baina egunero euskaltegiko pertsiana ilusioz zabaltzen du Idoia Genua Altzuru irundarrak. Korrika zeharo ezagutzen du.
Idoia Genua Altzuri irundarrak ongi asko daki zer den Korrika. Barru-barrutik bizi izan du aspalditik, Korrikaren erraiak ezagutzen ditu, eta bi urteroko iniziatibak sortzen duen zirrara, nahiz hori lortzeko egiten den lana. Bidasoko euskarazko hedabideek elkarlanean landu duten Solasean elkarrizketa zikloaren barruko elkarrizketa da Genuari egindakoa.
Zer da Korrika AEK-ko langile batentzat?
Lana bereziki orain dugu, eguna pasatu arteko inguru honetan. Eguna nolakoa tokatzen den, halako erantzuna ematen dugu. Ezin uka Korrika guretzat sekulakoa dela, AEK-ko kideentzat bakarrik ez, uste dut denentzat hala dela. Euskal Herri osoan egiten den iniziatiba bakanetakoa da. Lana eskatzen du, baina emaitzak ikusita neke guztiak uxatu egiten dira.
20. Korrika aurtengoa. Zuk denak, ala behintzat ia denak bizi izan dituzu, ezta?
Aurrekoan topatu nuen lehendabiziko Korrikaren kamiseta, hamalau urte nituen orduko hartan. Ikastolarekin korrika egitera joan ginen… Lehendabiziko lau Korrikak kanpotik bizi izan nituen. eta ondorengoak barrutik.
Hainbeste urteren ondoren, antolatzaile bezala ilusioa mantentzen duzu?
Bai, mantentzen dut. Egia da Korrikak eskatzen duen lana askotan ez dela atsegina izaten —komertzioetan-eta dirua eskatzea—, baina gu horretara ohituta gaude. Zorionez, laguntzaileak ere baditugu, jendeak badaki zer eta zertarako den Korrika, eta alde horretatik, lan karga handia bada ere, gustura egiten dut.
Korrikarako lana egin bitartean AEKn eskolak ez ditugu eteten, klaseen dinamikari jarraipena eman behar zaio. Azterketek ere presentzia handia dute euskaltegietan: gure helburua Irun berreuskalduntzea bada ere, ezin dugu ahaztu azterketen dinamikan erabat sartuta gaudela gaur egun. Hainbat lan elkartu egiten dira, lan karga sumatzen da, baina gure Mattin [Sorzabalbehere] buru-belarri ari da horretan.
Zer sentitzen duzu Korrikaren furgoneta datorrenean?
Azken 3-4 alditan petonetan joatea tokatu zait; petoak saltzen dituen furgoneta da petoneta. Polita da: gu aurretik joanda, jendeak pentsatzen du Korrika ailegatzen dela, eta jendearen berotasuna eta emozioa transmititzen da. Zer sentitzen den? Gauza eder bat, tripak pixka bat nahasi egiten zaizkizu.
Korrika pasatzen den bakoitzean, xanpain botilen antzera, badago nolabaiteko eztanda bat. Baina askotan esaten da hori beti mantendu behar dela, eztandak egunerokoa behar duela izan.
Hor AEKren zereginean sartzen gara. Ikasleen tipologia aldatu egin da urte hauetan, bilakaera bat izan da. Egia da badagoela jendea AEKn ikasten euskalduna izan nahi duelako, baina beste batzuk euskara jakiteko helburuz etortzen dira; bi gauza ezberdin dira euskalduna izatea, eta euskara jakitea nire ustez. Korrika oso tresna baliagarria da azken horiek kontura daitezen euskara unibertso handi bat dela, eta euskararen bitartez ezagutu eta ikusiko dituztenak bestelakoak izango direla. Batzuk, Hendaiara joaten direnean, Frantziara doazela esaten dute, adibidez. Korrikarekin, edo AEKn bertan, ikusten dute benetako errealitatea zein den, gauza bat da guri zer esaten diguten behin eta berriro, eta beste bat da benetako errealitatea zein den. Haur askok ere badakite euskara, baina ez dira euskaraz bizi; ikusten dute helduen hizkuntza serioa erdara dela, gurasoak ez direlako euskaraz bizi.
Baina AEKren ezaugarrien artean dago, euskara eskolak emateaz gain, harago doala bere lana, herrigintzan, ezta?
Ahal duen neurrian egiten du hori AEK-k. Askotan ez gara iristen, egin behar genuena baino gutxiago egiten dugula uste dut. Herrigintzan gehiago jarduteko ahaleginak egiten ditugu, baina maiz ez gara iristen. Gure helburua da Euskal Herria berreuskalduntzea, eta oso garbi dugu hori dela gure misioa.
Lehen aipatu duzu, ikasle batzuen helburu bakarra tituluak lortzeko euskara ikastea dela.
Baina AEKn egonda uste dut asko konturatzen direla titulua lortzea dela euskaren zatirik txikiena. Eskoletan bertan jende asko jabetzen da euskara titulu bat baino askoz gehiago dela. Zorionez, klaseetan ere badagoelako titulurik behar ez duen jendea. Eta ikasleak ere konturatzen dira Irunen euskara ikastea, edo Kaparroson (Nafarroa), ez dela gauza berbera, diru laguntzen kontuengatik batez ere. Titulua lortzea ongi dago; baina euskaldunak tituludun pertsona bat baino askoz gehiago gara.
Euskararen ezagutza handitzen ari da Bidasoan. Baina erabilera ez da horren tamainakoa. Erabileran dago erronka?
Hala da. Nik ez dut ulertzen zergatik ez den euskara kalean erabiltzen. Gaur egun baliabide guztiak ditugu aldeko, baina ez dugu sinisten euskaraz bizi gaitezkeela. Egia da; gaur egun euskaldun izatea ez da erraza, baina hori landu egin behar da. Eta nolabaiteko militantzia erakutsi behar dugu. Zoritxarrez, gure hizkuntza gure herrian ez da hegemonikoa, eta hori landu behar da. Irundarrak berak ez du sinisten, oro har, euskaraz bizi daitekeenik. Orduan, zer esan behar diozu? Bakoitzak hautatu behar du bere hizkuntza komunitatea inori trabarik egin gabe. Eta horretarako ulermen maila gutxieneko bat eskuratu behar da inori trabarik ez egiteko. Eta euskara ere bada Bidasoko hizkuntza inolako zalantzarik gabe, gaztelera eta frantsesa bezala.
Bidasoan askotan erdarara jotzen dugu, euskara atzean utziz, ustezko errespetuzko jarrera bategatik edo… Hala al da?
Gu batez ere edukatuak, hori bai. Eta horrek galtzen gaitu… Ez dut uste gaurko kontua denik hori, aspaldikoa da. Guk geurea egin behar dugu, aukera bat da euskaraz bizitzea, eta aukera hori baliatuko bagenu, asko gozatuko genuke eta konturatuko ginateke zenbat jendek egiten duen euskaraz gure eskualdean. Jakin askok, baina erabili… Bidasoan erabilera jaitsi egin da, eta egia esan, ez dakit zergatik. Baliabide guztiak ditugu euskaraz egiteko, eta bakoitzak bere ardura hartu behar du. Euskaraz egin behar dugu ondokoak geldiarazi arte, eta ondokoak sentitu arte euskararen beharra duela. Ondokoak ikusten badu euskarak baduela tokia, modu naturalean hitz egingo du euskaraz. Baina horretara euskaldunok bultzatu behar dugu. Uste dut jendea ez dagoela konbentzituta, eta erdaraz bizitzea errazagoa dela iruditzen zaio, eroso zaie.
Irunen milaka dira euskaraz dakitenak. Baina erabilera bestelakoa da. Konplexu kontua al da?
Ez da konplexu kontua, ez dugu sinisten euskara ez dela gorde beharreko altxorra. Hizkuntzak bizitzeko, gozatzeko, hitz egiteko dira. Hizkuntza, berez, transmisioaren bitartez pasatzen den zerbait da. Konplexua? Ez dakit… Modu naturalean euskaraz egin behar dugu, eta kito. Euskaraz bizi nahi dugu. Eta euskaraduna denari, zergatik ez duen euskaraz egiten galdetu behar zaio, haiek eman behar dituzte azalpenak. Karga asko gazteen lepo gelditzen da erabileran, baina helduok ere gure ardura hartu behar dugu, zergatik ez dugun euskaraz gehiago egiten galdetu behar diogu gure buruari. Hala ere, Korrika dagoen urteetan sumatzen da, jende batengan, zerbait galtzen ari direla sentitzen dutela euskaraz ez jakiteagatik.
Ikuspegi horiek aldatzeko, garrantzitsuak dira erreferenteak: hedabideak, Korrika, Euskararen Egunaren barruan antolatzen direnak… Hau da, jendeak konturatu behar du euskara ez dela soilik ikastetxean edo euskaltegian erabili beharreko hizkuntza.
Haurren kasuan, adibidez, euskara ikastolan bakarrik erabili beharreko hizkuntza dela uste dute askok, eta beharbada, etxean erabili beharrekoa ere. Eta Korrika Txikiek balio dute haurrek sentitzeko ongi pasatzearekin ere lotura baduela euskarak.
Haurrek ikusi behar dute euskara ez dela zigor antzekoa, ongi pasatzeko tresna dela, hau da, ez dela lana eskatzen dien zerbait, ongi pasatzeko zerbait dela alegia. Eta ez bakarrik haurrengan: helduok ere erreferentziak baditugu, eta musikaren munduan, adibidez, Bidasoan baditugu erreferente garbiak. Baina erreferentziak behar ditugu, eta norberak bere arloan egiten dakiena euskaraz egiten badu, jada erreferente bihurtzen da. Musikaren esparruan ematen dira erreferente horietako asko Euskal Herrian.
Musika erreferenteez ari zalera, Irungo talde batek, Kortatu taldeak, AEK-ko beteranoak abestia egin zuen. Zein oroitzapen dauzkazu hartaz?
Muguruzatarrak, euskaltegitik pasatutakoak dira. Ferminek eta Iñigok, euskaltegian zeudela, esan zuten Kortaturen bigarren diskoa euskaraz egingo zutela. Eta egin zuten. Nik uste euren buruari egin ziotela nolabaiteko omenaldia. Garai hartako oroitzapen oso onak ditut. Eta hortik tiraka, 2004an Irungo AEK-ko beteranoak izenburuko diskoa kaleratu genuen. AEKtik pasatutako jendearekin egin genuen, eta musikarien partetik sekulako emaitza ona izan zuen. Eta musikarekin demostratua dago euskararekin edozein tokitara iristeko aukera badagoela. Baina une hartan, euskal rocka euskaraz entzutea sekulakoa izan zen.
Beteranoak aipatzen hasita, ba al duzu AEKn izan duzun bitxikeriaren bat aipatzeko modukoa?
AEKn denetik bizi izan dut. Gehienak bizipen ederrak izan dira. Baina badakidana da nik lagunik handienak bertan egin ditudala. Korrika garaian, esaterako, garai batean Santiagoko zubia anabasa izaten zen, polizien garitak beteta egoten zirelako. Bapatean jende tropela korrika zubia pasatzen ikusten zuten…
Zure hitz egiteko moduagatik sumatzen da oraindik irribarre batekin zabaltzen duzula euskaltegiko atea.
Saiatzen gara, bai, bai. Zorionez giro ederra dugu, eta horrek balio digu. Eta ikustea euskaltegietatik jendea euskara jakinda ateratzen dela pozgarria da. Gero bakoitzak ikusiko du erabiltzen duen ala ez. Norberaren ardura bada euskara kalean egitea. Baina nik uste lan polita egiten ari garela, irribarretsu egoteko modukoa.