Hondarribian aste osoa izango da Martxoak 8
Emekik, Udalak, eta Arma Plaza Fundazioak ekitaldi sorta antolatu du Emakumearen Egunaren harira. Garai bateko irakasleak gogoan izango dituzte.
Bi erakusketa, proiekzio eta solasaldi bana, bisita gidatu berezi bat, eta urteko emakumeari omenaldia. Hondarribiko Udalak, Emeki Emakume Elkarteak eta Arma Plaza Fundazioak aste osoan zehar ospatuko dute Emakumearen Nazioarteko Eguna, aste osoz izango da Martxoak 8 Hondarribian. Asteazken goizean aurkeztu zuten egitaraua Emeki elkartearen egoitzan. Bertan izan ziren, Emekiko presidente eta presidente-orde Kontxi Galardi eta Mari Carmen Agirre, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Arantxa Berrotaran eta aurten omenduko duten hondarribiarra, Ana Mari Elizasu, irakasle ohia eta herrian mintzapraktikan aitzindaria. Asteehenean hasiko dira ekitaldiak, Arma Plaza kultur eta turismo gunean prestatuko duten erakusketarekin. Emakume artisten lanak bildu nahi dituzte eta Emekik deia luzatu du, parte hartzeko. Erakusketa igandera arte zabalik izango da: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 19:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Asteko beste erakusketa Emekiren egoitzan antolatuko dute, ostegunetik igandera, Puntaleko eskola zaharrean (Molla etorbidea 1). Emekik urtean zehar antolatutako ikastaroetan eginiko lanak erakutsiko dituzte, trikota, eskulanak, jantzigintza, imitziozko bitxiak… Martxoaren 8an, bi ekitaldi Martxoaren 8an izango da Emakumearen Eguna eta Hondarribian bi ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako. Goizez, bisita gidatu berezia egingo dute Arma Plaza Fundazioaren eskutik, eta arratsaldez, proiekzioa Itsas Etxean. Bisita gidatuaren goiburua Hondarribitik pasatako zenbait emakume entzutetsu izango da, eta goizeko hamaiketan abiatuko da Arma Plazatik. Eta arratsaldez, Las maestras de la República dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxea Auditoriumean (ikusi trailerra behean), sarrera librearekin. Garai bateko irakasleak izango dira aurtengo Emakumearen Asteko protagonistak. Asteazkeneko proiekzioaz gain, ostegunean Lehenengo andereñoak goiburuarekin solasaldia egingo dute Emekiren egoitzan, 18:30etik hasita. Euskaraz izango da. Ana Mari Elizazu omenduko dute Eta igandean, Emakumearen Asteko ekitaldi nagusia iritsiko da. Urtero emakume bat omentzen du Emeki elkarteak eta aurten Ana Mari Elizazu irakasle izandakoa aukeratu dute, eta, asteazkenean onartu zuenez, bere ezustekorako izan zen: “Ez nuen espero, jo eta poto geratu nintzen, baina ezin nuen ezetz esan”. Egindakoagatik eta egiten ari denagatik omenduko dute Elizazu. Izan ere, 1971 urtetik eta jubilatu arte irakasle izateaz gain, Euskara Zerbitzuak Mintzalaguna programa sortu zuenetik parte hartzen ari da Elizazu; baina hori baino gehiago, mintzapraktikan aitzindaria izan zen, dirurik ez zutenekin euskaraz aritzeko elkartzen baitzen irakaslea zeneko garaian, baita gerora ere: “Nire alabak esan zuen behin, ‘dirudienez ama aspertu egiten da gure etxean, eta besteetara joan behar izaten du’ [barrez]”, kontatu zuen Elizazuk asteazkenean, baina jarraian onartu zuen etxean asko poztu zirela ama omendu behar zutela jakiterakoan”. Igandean izango da omenaldi hori, 12:00etatik aurrera. Ez dira faltako txalapartariak, trikitilariak, dantzariak eta bertsolariak, baina Ana Mari Elizazu bera izango da ekitaldiko izarra, berarekin mintzapraktika egin ahal izatea izango baita Emakumearen Astea biribiltzeko modurik onena.