Hondarribiko Udalak euskal presoen senideak espetxeetara hurbiltzen dituen gidari taldea babestu du. Azaroan hondarribiarren furgonetak istripua eduki zuen.
Euskal presoen senideak espetxeetara hurbiltzeko helburua duen Mirentxin Gidari Taldearen aldeko mozioa onartu zuen joan den ostegunean Hondarribiko Udalak. Alderdi Popularraren ordezkariak salbu, gainontzeko hautetsi guztiek bozkatu zuten mozioaren alde: EAJk, Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk.
Azaroaren 19an Mikel eta Iñigo Louvelli hondarribiarrek gidatzen zuten furgonetak istripua eduki zuen Huelvako espetxetik bueltan, eta bi anaiak eta haiekin zihoazen sei senideetako bost zauritu ziren. Istripua izandakoei elkartasuna eta burutzen duten lana babesa eskatzeko mozioa aurkeztu zuen Mirentxin Gidari Taldeak Hondarribiko Udalean, osoko bilkuran eztabaidatu zezaten.
Alde bozkatu zuten taldeek elkartasuna adierazi zieten istripua jasan zutenei eta presoen urruntze eta dispertsio politikaren aurka agertu ziren, “zigorren birgizarteratze helburuaren aurkakoa delako eta espetxeen lege organiko orokorreko 12. artikulua, zigortuen deserrotze soziala ekiditeko beharra azaltzen duena, betetzen ez duelako”.
Horrez gain, euskal preso guztiak euskal espetxeetara hurbil ditzatela eskatu zuen udalbatzak, eta erabakiaren berri Espainiako Espetxe Zuzendaritzari, Espainiako eta EAE-ko Arartekoei eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora erakundeari ematea adostu zuten.
Abotsanitzeko bozemaile Igor Enparanen eskariz, eta gainontzeko taldeek oniritzita, Mirentxingo kide batek hitza hartu zuen. Ordurako testua onartzeko akordioa egon arren, euskal presoen senideen sostengu taldeak egiten duen lana herritarrek ere ezagutu beharko luketela iritzi zuen Enparanek.
Kima Arzuaga Mirentxingo kideak azaldu zuenez, hiru ziren testua aurkezterakoan zituzten helburuak. Batetik, euskal preso politikoak pairatzen duten dispertsioa salatzea, “presoez gain beraien senide eta lagunak ere sufritzen dutelako”. Bestetik, azaroan bi hondarribiarrak gidari zituen furgonetak eduki zuen istripu larriaren berri ematea. Eta azkenik, Mirentxin, gidari solidario eta boluntario taldearen berri ematea.
Kima Arzuaga Mirentxin Gidari Taldeko kidea, osoko bilkuran
16 hildako 27 urteetan
Mozioarekin bilatzen zituzten hiru helburuak lortuta, pozik azaldu zen Arzuaga, eta eskertza adierazi zion Udalbatzari, izandako harreragatik eta akordiorako egindako saiakeragatik.
Arzuagak salatu zuenez, hondarribiarren istripua ez zen presoen senideek azken istripua izan, eta dispertsioak eragindako zauritu eta hildakoak nabarmendu zituen. “Azken 27 urteetan 320 istripu inguru izan dira, 16 hildako”. Louvelli anaien kasuan, bi hilabete inguruz izan ziren bajan eta haiekin zihoazen sei senideetatik bost zauritu zirela gaineratu zuen Mirentxingo kideak.
Duela hamazazpi urte sortu zen Mirentxin, presoen senide eta lagunak astebururo espetxeetara hurbiltzeko, “bisitak ahalik eta eroso eta merkeen izateko”. Kontatu zuenez, hasieran elkarteko kideen auto eta furgonetekin egiten zuten bidaia, baina orain elkartearenak dira erabiltzen diren furgoneta guztiak, “afariekin, zozketekin, elastikoekin, eta abarrekin” autofinantzatuak: “Euskal Herrian guztira hamahiru gidari talde daude, hamar furgoneta eta 800 gidari”. Hondarribiarren taldeak, Oarso-Bidasokoak, bi furgoneta eta 36 gidari dituela jakinarazi zuen, “eta astero Huelva eta Herrera-Mantxako espetxetara abiatzen gara normalean, nahiz eta batzuetan beste espetxe batzuetara joan izan garen”.