Jean Pierre Harokarene irundarrak bizi duen egoera salatu du Irungo EH Bilduk: espetxetik atera ondoren, Hego Euskal Herrian bizitzea debekatua du.
Harokarene, ostiralean, bere senide eta lagunekin.
Irungo EH Bilduk Jean Pierre Harokarene irundarrak
bizi duen egoera salatu du. Ostiralean atera zen Harokarene Soriako espetxetik ezarri zioten zigorra osotasunean bete ondoren, eta Pausun utzi zuten, Hego Euskal Herrian bizitzea debekatuz. Martxoaren 2an Soriako epaitegian debeku horren gaineko auzi-saioa egingo dute.
“Harokareneri mendekuan oinarritutako zigor erantsia ezarri diote”, adierazi dute koalizioko kideek. Debekua argudiatzeko Harokarene “Irungo herrian sustraituta ez dagoela” argudiatu zuten Espainiako Estatuko iturriek. Hori “faltsua” da EH Bilduren ustez.
EH Bilduren arabera, ezaguna da Harokarenek Irunen duela bere bizitokia, eta bertan lan egiten duela: “Klub, kirol elkarte, hedabide, kirolzale, talde politiko eta instituzio asko dira horren jakitun”. Hortaz, Sorian martxoaren 2an egingo den auzi-saioan “justizia” egin dadila eskatu du. Aldi berean, “salbuespen egoera honek dirauen bitartean” erakundeei Harokareneri babesa eman diezaiotela eskatu dute.