Ostegun arratsean espero dituzte errege magoak. Itsasoz iritsiko dira, Kai Zaharrera.
Bihar hurbilduko da erregeen postaria herrira, gutunak jasotzera
Errege magoen postariak asteazken arratsaldean jasoko ditu kartak Hondarribian, auzoz auzo. 18:00etan abiatuko da laguntzaile taldearekin Mendelutik eta lehen geldialdia Amuten egingo du. Hortik Alde Zaharrerantz abiatuko dira, Kostatik. Erdigunean honako ibilbidea egingo dute: Kale Nagusia, San Nikolas, Juan Laborda, Jabier Ugarte, San Pedro eta Zuloaga.
Ostegunean iritsiko dira erregeak herrira, barkuz. Aurretik, haien segizioak bere ibilbidea Mendelutik hasiko du, 17:45ean, Portu auzorantz. Itsaso ona emanda dago eta, hortaz, erregeak garaiz iritsiko direla aurreikusten da, 19:15ak aldera espero dituzte Kai Zaharrean. Hortik, ohi bezala, Hermandadera joango dira, eta bertatik luzatuko diete mezua haurrei.
Desfilea jarraian izango da, honako ibilbidea jarraituz: Matxin Artzu, San Pedro, Bernat Etxepare, San Kristobal, Hiru Bide, Harresilanda, Damarri eta Gernikako Arbola. Jaiotza bizidunaren antzezkizunean parte hartuko dute, haur jaio berriaren gurtza egingo dutelarik.
Antzezkizunaren ondoren, euren ibilbidea jarraituko dute ekialdeko erregeek. 20:45ak aldera Kale Nagusia igoko dute Arma Plazaraino, eta San Gabriel egoitzan bukatuko dute ibilbidea.