Hitz egiten, blagan, pasatzen ari dira eguna Hondarribian, euskaraz. Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Euskaraz ahoa lehortu arte hitz egiteko eguna, edo urte osoan zehar gauza berbera egin behar dela gogorarazteko eguna.
Hondarribiarrak, eguerdian, triki poteoan. Blaganek antolatu du.
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Eta Hondarribian tokia izaten ari da eguna, hain zuzen, euskararekin batez ere egin behar dena gauzatuz: hitz egin, blagan aritu. Eta horrela ari dira. Nahiko lukete hondarribiar askok gaurkoa egunero errepikatzea. Baina horrela ez bada ere, alde ezberdinetatik saiatuko dira, erakundeak, herritarrak nahiz talde eta eragileak.
Tren Berdea euskaraz mintzatu da gaur. Goizean, doan eta euskaraz, bi bidai egin ditu herria ezagutuz. Giro ederra egiten zuen. Eguerdian bildu dira herritarrak Blagan Euskara Elkarteak antolatutako triki poteora: jardueraren izenak dio, trikitien laguntzarekin tragoskak hartu dituzte hondarribiarrek, baina ez isilik, euskaraz hitz egiten, blagan. Eta Olagarro elkartean ondoren hasi duten bazkarian ziur euskararen tentakuluak denengana iritsi direla, elkartearen lau paretetatik at ere.
Arratsalderako gelditu dira Saindua gaztelekuko Euskal Olinpiadak (18:00etan), Igelak filmaren emanaldia Itsas Etxean (20:00etan). Eta gauean,
Itsaslur elkartean, bertso afaria (21:00etan) Julio Soto eta Alaia Martinekin. A ze eguna!