Datorren astean kaleratuko du Irungo Pecozza United taldeak bigarren lana, ‘Eszeptizismoaren poltronatik’ izenburupean.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Eszeptizismoaren poltronatik. Hala du izena Pecozza United taldeak esku artean duen bigarren diskoak. Datorren astean kaleratuko dute, eta Irungo eta inguruko tabernetan jarriko dute salgai lehenbizi, ondoren egingo dituzten aurkezpen kontzertuetan saltzen jarraitzeko.
Beñat Muguruzak, Xabi Burgainak eta Lander Bidaurrek osatzen dute Pecozza United. Hirukote irundar gazteak iaz grabatu zuen lehen lana,
Homonimo izenekoa, eta
Urkijo de puta edo
Xilbeiraren belarria bezalako kantekin egin ziren ezagun, epelkeriei tokirik utzi gabe.
Muguruzak kontatu duenez, bigarren lana lehenengoaren ildo beretik joango da: “Jarraitzen dugu gure gertuko gaiak lantzen tonu umoretsu, ironiko, eta kabroi batean”, ohartarazi du.
Probokazioa maite dute, eta bigarren lan honetan ere, horixe bilatu dute, ez oharkabean: “Inguratzen gaituzten gaiak erabili ditugu disko honetan ere bai, eta nik uste dut Euskal Herrian gertatzen dena segitzen duenak letra gehienak berehala ulertuko dituela. Ziurrenik askori ez zaizkio gustatuko, eta hori da bilatzen duguna, probokazioa”.
Gertuko gaiak
Lehen lanean Euskal Herrian oso ezagunak diren pertsonaiak izan zituzten jomugan, eta oraingoan ere hala egingo dute: “Erraza iruditzen zait kritikatzea, esate baterako, Trump —AEBko presidente kargua irabazi zuen egunean egina da elkarrizketa—, baina nik ez nuke jakingo zer esan hari buruz. Jende guztiak dakiena dakit Trump-i buruz, baina ez litzaidake ezer originala bururatuko”.
Horregatik, gertuagoko pertsonaiak kritikatzea dute gustuko: “Adibidez, guretzat Julian Iantzi da pertsonaia bereziki gorrotagarria eta disko berrian abesti bat badugu,
Baxoa euskaraz, Ipar Euskal Herriko ikasleen aldarrikapenei keinu egiteko, eta hitz joko baten bidez, ETB1 eta ETB2n dagoen zabor guztia kritikatzeko”.
Letretan antzera jarraituko duten arren,
Homonimo diskotik,
Eszeptizismoaren poltronatik-era musikalki badela alderik iritzi dio Muguruzak: “Musikalki urrats bat egon da eta abestiak pixka bat garatuago daude, nahiz eta oso punk sinplea izaten jarraitzen duen”.
Punk-rock lotsagabea
Peccoza United taldeak egiten duen musika “punk-rock irreberentea” dela dionik bada, eta Muguruza bat dator etiketarekin: “Aitor Apurtu-k definitu zuen horrela. Hendaian duen estudioan grabatu genuen, eta grabatutakoa bandcamp-era igo zuenean hark jarri zuen etiketa. Guri gustatu zitzaigun eta guk ere erabili dugu gure Facebook-en-eta gure burua promozionatzeko. Nik uste dut nahiko ondo deskribatzen duela gure rolloa”.
Aspalditik dira lagunak Muguruza, Burgaina eta Bidaurre, eta abestiak elkarrekin sortzen dituzte: “Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, gehiegi, eta edozein tontakeriak, edota hitz joko errazenak ere balio dezake hortik letra bat ateratzeko. Normalean hala egiten ditugu,
Urkijo deputa-ren abestia kasu”.
Musika konposatzerako orduan ez dute erreferente argi bat, baina bitxia suerta badaiteke ere, hirurak oso Ruperzaleak direla dio Muguruzak. “A priori, agian, beste edozein punk talde batek edukiko luke zerikusi handiagoa gurekin, baina ni ez naiz batere identifikatuta sentitzen ez punk jendearekin, ez eta punk musikarekin edo estilo-bizimoduarekin, eta gainera ez dut zerikusirik izan nahi”.
1980. hamarkadako Euskal Rock Erradikala ez zaie “inoiz gustatu ez eta interesatu”. Aitzitik, oso Ruper Ordorikazaleak dira hirurak: “Ruper, adibidez, hurbilago sentitzen dut, eta nire ustez, nire taldekide Xabierrek eta Landerrek ere bai”.
Hiru urteko ibilbidea
Orain dela hiru urte sortu zen Pecozza United taldea, Muguruzak gogoratu duenez, haren eta Lander Bidaurreren aspaldiko nahi bati bide emanez: “Beti beste taldeak ikustera joan, eta inbidiaz begiratzen genituen, azkenean, duela hiru urte lanean hasi eta taldea sortzea erabaki arte”.
Ondoren batu zitzaien Xabi Burgaina, eta primeran moldatu zen: “Bera ere
rollo berekoa da, eta berehala egokitu zen”.
Taldearen hastapenetan gaueko parrandatan lortzen zuten inspirazioa, eta “goizeko ordu txikitan” hasten ziren letrak osatzen, “errazago” egiten zitzaielako. Hala sortu zituzten lehen abestiak.
Gaur egun, ordea, beste eskarmentu bat dute, eta jendearekin aurrez aurre jartzeko gogoz daude. Aurkezpen kontzertuetarako datak ixten dabiltza egunotan, eta Durangoko Azokara begira. Han disko berriaren ale batzuk saldu nahi dituzte, eta aurkezpen kontzertua ere egingo dute azokan bertan, Ahotsenean, abenduaren 6an (asteartea), 15:30ean.