Arazoak arazo, Greziara bidean da bigarren Marbella
Italian tailerra bisitatu behar izan dute boluntarioek. Plana ere aldatu zaie, ez dira Filippiadara joango, Katsikasera baizik.
Larunbatean abiatu zen Hondarribitik Greziara Donostiako Udalak dohaintzan emandako bigarren Seat Marbella autoa. Barruan, Marina Cabezon eta Imanol Garmendia boluntarioak doaz, eta urria hasieratik Grezian dagoen Ibai Labaienekin elkartuko dira. Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak jakinarazi duenez, Bartzelonara iritsi aurretik arazoak izan zituen ibilgailuak larunbatean eta garabia behar izan zuten portura garaiz iritsi eta Italiarako ferria hartu ahal izateko. Bart gauean iritsi ziren Italiara eta autoa tailerrera eraman zuten. Cabezonen hitzetan, arazoa konpondu diete tailerrean, eta bidean dira berriro: “Esan digutenez, antirroboaren sistemak akats bat izan du, konpondu dute eta kotxeak arrankatu du. Bidean gara berriro eta uste dugu Anconara garaiz iritsiko garela”. Gaur arratsaldean beste ferri bat hartu behar dute Anconan, Igoumenitsara (Grezia) eramango dituena. Bertatik, ordu eta erdi izango dute Katsikas kanpalekura. Hasiera batean, Filippiadara joatea zen asmoa baina bertako eremuko zuzendariaren traben ondorioz, Labaien Katsikasera mugitu behar izan da, eta bigarren kotxean bidaiatzen ari diren beste bi boluntarioak ere, bertan geratuko dira, Olvidados erakundea abian dituen proiektuekin kolaboratzen. Hilabete emango dute Katsikasen, eta hiru hondarribiarrak elkarrekin itzuliko dira, abenduko lehen astean. Hitzaldia, Irunen Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak hitzaldia emango du Irunen hilaren 19an, larunbatez, errefuxiatuen aldeko jardunaldi baten barruan. Oiasso Museoan izango da, 17:30ean, eta SMH erakundearekin Kios irlan aritutako Juanjo Acosta gazte hondarribiarrak ere parte hartuko du. Hondarribia-Katsikas taldeak ez du zehaztu oraindik hitzaldiaren gaia zein izango den, baina aurreratu dute neguan burutuko duten proiektu handi baten berri emango dutela Oiasson.