Udalak egin duen azterketaren arabera hiri barneko joan etorrien %2,77an bizikleta erabiltzen dute irundarrek.
Cristina Laborda bizikletaren erabileraren gaineko agerraldian.
Bizikletaren erabilera sustatu nahi du Irungo Udalak, eta horretarako joan den urtean zehar azterketa bat egin du zenbat erabiltzaile diren ezagutzeko. Cristina Laborda Mugikortasun delegatuak azterketa horren emaitzak jakinarazi ditu, joan etorrien %3a bizikletaz egiten da hiri barruan. Datuei erreparatuta, “helburuak betetzear” direla gaineratu du: “2011. urtean onartu zenetik, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planak osasungarriagoak eta ingurumenarekin errespetagarriagoak diren desplazamenduen alde egin du. Joan etorriak oinez egitearen aldeko apustua nabarmena bada ere, bizikletaren erabilera beste aukera bat da, eta hori sustatu nahi dugu”.
Orain argitara atera dituzten azterketaren emaitzek, “argazki erreala” egiteko aukera eman diela gaineratu du Labordak, eta erakutsi duela planean 2016rako ezarritako %3ko bizikletaren erabilera ia bete dela, “hiri barruko joan etorrien %2,77 bizikletaz egiten dela erakutsi du emaitzak”.
Azken urteetan bultzatutako Irun 30 iniziatibak, irundar gehiagok bizikletaren aldeko apustua egitea ekarri duela nabarmendu du, bestalde. “Jakitun gara zaila dela bidegorri sarea zabaltzea hiri osoan barrena, kostu ekonomikoagatik batetik, edo espazio faltagatik bestetik, baina zalantzarik gabe, Irungo bataz besteko abiadura 3 kilometro ordukoa izateak bizikletaren erabilera areagotzen lagundu du”.
Bidegorriak Behobia eta Letxunborro etorbidean
Bizikletaren erabilera sustatzeko gainera, datozen asteetan gobernu batzordeak Behobiako bidegorria eta oinezkoen pasealekuko lanen lehenengo fasea hasteko lizitazioa egitea aurreikusi du Mugikortasun delegatuak. Behobia eta Azken Portu kiroldegiaren artean 2,25 metro zabal eta kilometro bat luze izango duen bidegorria egingo dute bertan. Halaber, urtea amaitu aurretik, Letxunborro Etorbidean bidegorria egiteko proiektua idazten hasiko dela udala jakinarazi du.