Maratoi Erdia 11:00etan hasiko da Donibane Lohizunen. Orotara 2.750 partaide izango dira.
Gaurko aurkezpenaren irudia.
2.750 partaide izango dira igandean (hilaren 19an)
Euskal Herriko Maratoi Erdian, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan: 19. urtea du aurten 21 kilometroko probak. Horietatik 1.500 inguru Ipar Euskal Herrikoak izango dira, gainontzekoak hegoaldekoak. Eta orotara, emakumeen partaidetza %25ekoa izango da: gisa honetako lehietan kopuru esanguratsua, ona da hori. 11:00etan abiatuko dira Lapurdiko herritik korrikalariak, eta Hendaia eta Irun zeharkatu ondoren, 12:00ak inguruan hasiko dira lehen lasterkariak Zuloaga kaleko helmugara iristen. Aldez aurretik izena emateko epea itxita dago: plazak bete dira, itxaron zerrendakoak barne.
Gaur aurkeztu dute lasterketa Hondarribiko udaletxean. Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk nabarmendu du Hondarribia Kirol Taldeak eta Donibane Lohizuneko Ur Jokok elkarlanean antolatzen dutela proba, “oso harreman kontsolidatua dute, eta garrantzitsua da koordinazio hori aipatzea. Lasterketak 19 urte bete ditu, eta erreferente batean bilakatu da”.
Iazko bi txapelak Nafarroara joan ziren.
Iaz baino 250 lasterkari gehiagok hartuko dute parte aurtengo edizioan. Gainera, 400 boluntariok lan egingo dute den-dena zuzen joan dadin. Carlos Fernandez lasterketaren zuzendariak horiei eskerrak eman dizkie, baita lehia laguntzen dutenei ere, tartean, Hondarribiko Udalari.
Hondarribia Kirol Taldeko Rafa Indok azaldu du iparraldeko eta hegoaldeko kirolzaleen lankidetza sendotzea garrantzitsua dela, “eta zentzu horretan jarraituko dugu. Mailako proba bat antolatzen dugula uste dugu, eta hala jarraituko dugu”.
Elkartasun helburua ere badu lasterketak. Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emateko elkartasun diru ekarpenak jasotzen dute antolatzaileek. Hala, iaz jasotako 2.563 euroen taloia eman diete antolatzaileek elikagaien bankuko ordezkari Jose Manuel Pinedari.