Vueling enpresak esan du pista moztuko balitz, egun ematen duen zerbitzua ez litzatekeela errentagarri izango.
Vueling konpainiako hegazkin bat aireportutik ateratzen.
Vueling hegazkin konpainiak jakinarazi du behin aireportuko pista mozten dutenean, ez duela jarraituko zerbitzua ematen Hondarribiko aireportuan. Europako Batasunak ezartzen dituen segurtasun neurrien arabera, aireportuko pista 300 metro murriztu beharko litzateke, 150 metro alde bakoitzetik. Zehazki, segurtasun arau horiek European Aviation Safety Agency erakundeak ezartzen ditu; erakunde horren arauek ez dute kontuan hartzen aireportuari ezarri zitzaion salbuespen egoera. 2017ko abenduaren 31 baino lehen murriztu beharko litzateke pistaren luzera.
Egun, Vueling-ek Airbus A-319 hegazkina erabiltzen du Hondarribian zerbitzua emateko, bere flotan duen txikiena. Pista moztuko balitz, 80 bidaiarirekin egin beharko lituzke hegaldiak hegazkin horrek segurtasun neurriak medio, 150 toki dituenean. Hori ez litzateke errentagarri izango konpainiarentzat.
Bartzelonara hegaldiak eskaintzen ditu egun Vueling-ek Hondarribitik.