Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak bi ibilgailu lortu ditu dohaintzan. Greziara bidali nahi dituzte, baina laguntza behar dute.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Datorren astean bost hilabete beteko dira Hondarribiko boluntario talde batek Greziako Katsikas-Ioannina errefuxiatuen kanpalekura bidaiatu zuenetik. Emeki emakume elkarteak bildutako arropa eramatera eta banatzera joan ziren, baina bost egunez askoz gehiago egin zuten. Arrastoa utzi zuten Katsikasen.
Boluntario taldeak harremana mantendu du uneoro kanpalekuarekin, eta iheslarien bizi baldintzak gozatzeko hainbat ekintza burutu ditu. Lehenbizi, altzariak bidali zituzten, ekainean eskola materiala bildu zuten,
emakumeentzako joste tailerra muntatzen lagundu dute, eta lehen unetik kide gaixoak dituzten
familien asilo eskaerak bideratzen laguntzen ari dira. Horiez guztiez gain, bi kotxe bidaliko dituzte aurki Greziara, Donostiako Udalak emandakoak.
Egiten duten guztia beharren arabera egiten dutela azaldu du Izaskun Eizagirrek: “Katsikaseko boluntarioak koordinatzen dituen Olvidados erakundearekin harremanetan gaude, eta esaten digutenean hau edo beste behar dela, horren bila hasten gara”. Batzuetan beren asmoen berri ematen dute —joste tailerrerako bilketa publikoa egin zuten abuztuan—. Beste batzuetan ate joka hasten dira, “eta horrela lortu genituen kotxeak. Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Orokorretako presidenteak esan zigun Donostiako Udalean auto bat zutela libre, eta zeinekin hitz egin behar genuen ere esan zigun. Eta hara joan ginen”.
Baten bila joan eta beste bat ere eskaini zieten, bi Seat Marbella, egoera oso onean zeudenak. Dagoeneko erabiltzen ez dituzten ibilgailuak izanik, baja emanda zeuden, “eta tramiteak egiten ari gara —esan du Marije Zapirainek. Haziendan eta trafikoan izena ematen ari gara eta asegurua, behintzat hiru hilabeterako, eta dohaintzaren paperak”. Zapirainek gaineratu duenez, “guretzat oso inportantea da kotxeak lortu izana, dagoen beharraz ohartu ginelako han ginela. Erosketak egiteko, boluntarien joan-etorrirako, errefuxiatuak ospitalera eramateko, kanpaleku batetik beste batera joateko… denerako behar da kotxea eta boluntarioek ez dituzte, hegazkinez joan eta etortzen direlako”. Horregatik, dohaintzaren berri izan zutenean Katsikasen ezin zuten sinetsi, “monumento bat jarriko zigutela esan ziguten”.
Baina berehala arazo batekin egin zuten topo, Eizagirrek adierazi duen bezala: “Nola bidali kotxeak eta nola ordaindu tramite eta bidalketaren gastuak. Eta laguntza eskatzea erabaki genuen”. Herriko festen aurretik elkarte batzurekin harremanetan jarri ziren dirua eskatzeko, “ez gara asko eta denbora gutxi izan dugu, denekin ez genuen lortu eta orain ari gara horretan». Eta erantzuna, beste behin, “handia” ari da izaten. “Elkarte bakoitza bere modura ari da bilketa egiten, baina denek besoak zabalik hartu gaituzte”.
Beste hiru boluntario
Diru bilketa oraindik ez dute itxi, “ez gara elkarte guztiekin elkartu —nabarmendu du Garciak—, eta denekin egon nahi dugu. Hau guztia berria da guretzat eta akaso elkarteren bat ahazten zaigu eta ondo hartuko genuke haiek gurekin harremanetan jartzea”. Horretarako,
posta elektronikoz egin dezakete.
Hori, gastuak ordaintzeko. Eta kotxeak Greziara eramateko boluntarioak lortu dituzte, hiru. Urrian, Ibai Labaienek lehen autoa eramango du. Eta azaroan Imanol Garmendia eta Marina Cabezon joango dira, bigarrena eramatera. Gainera, bi hilabetez geratuko da Labaien boluntario lanetan, eta lau astez beste biak. Ez dira Katsikasera joango,
Filippiadara baizik. Katsikasetik gertu dago eta bertara ere eraman zen Hondarribian bildutako arroparen zati bat. Gerora, Katsikaseko boluntarioek zenbait proiektu abiatu dituzte Filippiadan eta horiten laguntzera joango dira hiru hondarribiarrak. Baina hori beste abentura bat izango da,
Hondarribiko HITZAk aurrerago kontatuko duena.
Arropa eraman eta banatu, altzariak bidali, joste tailerra muntatu, gaixoentzako asilo eskaerak azkartu… Eta orain, bi ibilgailu bidaliko dituzte Hondarribitik Greziara datozen asteetan. Hori eta gehiago behar dute Grezian, eta hori eta gehiago ematen saiatuko dira Hondarribitik.