Hamaika entzuteko jaioa
Hilaren 14tik 17ra egingo dute XI. Hondarribia Blues Festival. 20tik gora kontzertu, sei eszenatoki, eta hainbat ekitaldi paralelorekin osatu dute egitaraua.
Zaleak pozik eta ostalariak, nola ez, are eta gehiago. Jauregui Hotelean ohea hartzen dutenek minutu eskasa dute bertatik kontzertu nagusiak biltzen dituen Benta eremura, eta nahi izanez gero, San Pedro kaleko saioak logelako leihotik jarraitzeko aukera izaten dute. “Zalantzarik gabe guretzat urteko asteburu oparoenetako bat izaten da jaialdikoa —onartu du Gonzaga Jauregi establezimenduko zuzendariak—. Horregatik, jaialdiak urte luzez irautea nahiko genuke”.
Gauza asko ditu blues jaialdiak, baina baditu bi ezaugarri behintzat berezia egiten dutenak, ekitaldi guztiak doan eta herri barruan izaten direla. Hori bezeroek asko baloratzen dutela iritzi du Jauregik. “Gozamena da ikustea herria osoa eszenatoki nola bilakatzen den, jendea hemendik hara mugitzen, eremu batetik bestera. Jaialdiak duen ezaugarri politena gertutasuna da, publikoak eta artistek kalean topo egiten dute, paseatzen, pintxoak jaten, afaltzen…”.
Biltzen dituen ezaugarriengatik, blues munduan ospea lortu du, eta geroz eta gehiago dira urrutitik hurbiltzen direnak. Batek baino gehiagok ekitaldi bat bukatu orduko egiten du hurrengo urterako erreserba, eta pixkanaka-pixkanaka egonaldiak luzeagoak izatea lortzen ari da. Maria Serrano Turismo zinegotziaren arabera, Hondarribiaren izena oso urrutira zabaldu du Hondarribia Blues Festival-ek: “Hiriaren izena nazioarte mailan kokatzen duen jaialdia da. Lan eta esfortzu askoren ondorioz lortutako mailak gure herriaren izena ezagutu arazi egin du eta jaialdiak erakarrita gure herriko ondarea, kultura, gastronomia eta naturaz gozatzen dute, ez bakarrik jaialdiaz”.
Autobusez, hobe
Aurten ere jendetza mugituko du Hondarribia Blues Festivalak. Ekitaldiak doan direnez, zaila da zehaztea zenbat diren jaialdirako propio mugitzen diren pertsonak, baina udaltzaingoak emandako datuak argigarriak dira. Iaz, gaueko bederatzietatik gauerdira arte ostiralez 2.951 ibilgailu iritsi ziren hirira, eta beste 2.957 larunbatez. Orotara, 92.277 ibilgailu zenbatu zituen ostegunetik igandera udaltzaingoak.
Hondartzak eragindako trafikoak eta herriak duen aparkaleku eskasia kontuan izanik, autobusa da, dudarik gabe, blues festara beste herrietatik hurbiltzen direnentzako garraiorik onena. X. edizioan, jaialdiak iraun bitartean 37.978 bidaiari sartu eta irten ziren Hondarribitik autobusez. Ekialdebusek zerbitzua indartu zuen ostiral eta larunbateko gaueko kontzertuei begira eta aurten gauza bera egingo du (kontsultatu E78 linearen zerbitzu bereziak ekialdebus.eus webgunean).
Kilate askoko hogeita bost kontzertu, denak doan salbuespenik gabe, eta generoko jaialdi gutxietan aurkitu daitekeen bezalako blues giro kutsakorra. Hori da heldu den asterako Hondarribian dagoen plana. Ezagutzen dutenek errepikatuko dute, eta berriei ez zaie damutuko.


