Palmera-Montero gizarte zentroko elkarteen bulegoak iraileko bigarren erdirako prest izan nahi ditu Irungo Udalak.
Gizarte zentroaren kanpoaldea.
Palmera-Montero gizarte zentroa eraikitzeko lanak azken fasean daude. Bertako bigarren solairuan 11 elkarterentzako bulegoak edo egoitzak izango dira, eta behin eskaera epea eta horiek esleitzeko prozesua bukatuta, horiek zeintzuk izango diren jakinarazi du Irungo Udalak. Honakoak dira:
- Bidasoko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen elkartea (Acubi).
- Oiasso 2000 auzo elkarteen federazioa.
- Foro Ciudadano Irunes.
- Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikazaleen Elkartea.
- Atzegi.
- Aurreratu elkartea.
- Adiskidetuak elkartea.
- Luis Mariano Lirika Elkartea.
- Irun Hiria Musika Banda.
- Betti Gotti Euskal Kultur Elkartea.
- BAT Bidasoa Atletismo Taldea.
Elkarte eta talde horiek, eta nahi duten guztiek, erakusketen gelaren alboan lehen solairuan izango diren erabilera anitzerako hiru gelak ere erabiltzeko aukera izango dute, baita bigarren solairuko biak ere. Horien erabilera aldez aurretik eskatu beharko dituzte 11 horiek, eta Irungo gainontzeko elkarteek.
Udalak esan duenez, irailerako nahi dituzte prest izan egoitza horiek, bigarren hamabostaldirako hain zuzen ere. Udan jarriko dituzte horien altzariak, nahiz Internet eta antzerako azpiegiturak.