Eusko Legebiltzarrak, EAJk eta EH Bilduk hitzartutako bi erdibideko zuzenketa onartu egin ditu aho batez, horrela Irungo eta Hondarribiko alarde eta konpainia parekideak babestuz
Jaizkibel konpainia, Hondarribiko udaletxe paretik desfilatzen
Eusko Legebiltzarrak, EAJk eta EH Bilduk hitzartutako bi erdibideko zuzenketa onartu egin ditu aho batez, horrela Irungo eta Hondarribiko alarde eta konpainia parekideei babesa emanaz: zuzenketako batek eskatzen du alardeekin harremana duten alde guztiek elkarrizketarako bidea irekitzen has daitezela, eta besteak alarde eta konpainia parekideekiko “begirune faltak” baztertzea aldarrikatzen du, adibidez, Hondarribiko Kale Nagusian jartzen dituzten plastiko beltzei erreferentzia eginez
Berdintasun Legean oinarritutakoak izan dira gaur Gasteizen hartu dituzten erabakiak. EH Bildu izan da horien bultzatzaile, nahiz eta EAJrekin lortutako akordioen ondoren osotasunean ez onartu koalizioak nahi zuena. “Berez zertxobait motz geratzen den arren gaur onartutakoa, egia da tunelaren amaieran argia ikusteko balio dezakeela”; Diana Urrea EH Bilduren legebiltzarkidearen hitzak dira horiek. Hark defendatu ditu koalizioaren nahiak Gasteizen, eta bertan onartutakoa “alardeak kudeatzen dituzten erakundeetara” zabaldu behar direla uste du. Gaur egunez, ez Irungo nahiz Hondarribiko alkateek ez diete harrerarik egiten Irungo Alarde Parekideari eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiari, hurrenez hurren.
Gainera, Urreak zoriondu ditu “hainbeste urtean euren eskubideak aldarrikatzen” aritu diren pertsona guztiak, bereziki emakumeak: “Eskertzekoa da egin duten lana”.