Ikasturtean Joxe Mari Lopetegi irundarrari buruz ikasi duten guztia gizarteratu nahi dute. Hasteko, hitzaldia egingo dute asteazkenean Oiasso Erromatar Museoan.
Bertso tailerreko kideak, asteazkeneko hitzaldia aurkezten
Bertsolaria, zinegotzia, errepublikazalea, 1936ko Gerragatik erbesteratua, frankismoaren errepresioak zigortua bera eta bere familia —Irunen defentsan seme bat galdu zuen indar faxisten kontra borrokan, eta familiari isuna jarri zioten Irunen bizi ahal izateko—… Traza lodietan hori da Joxe Mari Lopetegi irundarraren bizitzaren laburpena. Baina ez da ezaguna. Eta horri eutsi dio Txingudi Bertso Eskolaren barruko bertso tailerrak: “Joxe Mari Lopetegiren izana aztertzen hasi ginen, pertsona eta bertsolari honi merezi duen lekua esleitzeko bidean”.
Urritik apirilera aztertu dute Lopetegiren lana bertso tailerreko kideek. Orain egindakoa jendarteratzeko garaia da. Hala, irundarrak egindakoaren memoria berreskuratze aldera hainbat ekitaldi egingo dituztela iragarri dute, lehena, hilaren 13an: 19:00etan, Oiasso Erromatar Museoan, Joxan Elosegik hitzaldi bidez zabalduko du nor eta zer izan zen 1875eko apirilaren 13an Santiago kaleko lehen zenbakian jaio zen irundarra. Hau da, Lopetegiren jaiotza egunarekin bat egin dute bertsozaleek haren berri emateko.
Ikasturtean egindako lana “arduraz” zabaltzeko asmoa dute tailerrekoek. Lan handia egin dute bertsolariaren bizitzaren zirrikituak biltzeko, tartean, lagunen, adituen edo familiako kideen testigantzak jaso dituztela, liburuetan arakatzeaz gain. Eta landutako hori plazaratzea beharrezko ikusi dute.
Asteazkeneko hitzaldia lehen ekitaldia izango da. Gehiago iragarri dituzte, adibidez, herri jaialdi bat prestatzeko asmoa dute Irungo eragile, talde eta norbanakoekin elkarlanean.