Errefuxiatuentzako arropa eramango duen kamioian bidaiatuko du Hondarribiko HITZAk, eta bidaiaren kontakizuna egingo du.
Dozenaka boluntario ari dira Emekik abiatutako bilketa kanpainan laguntzen
Aste honetan emango du Emeki elkarteak Greziarako bidaiaren xehetasunak, baina dagoeneko esan daiteke Hondarribiko HITZAk ere egingo duela bidaia. Arropa eramango duen kamioian joango gara errefuxiatuen kanpalekuetara. Hala, bidaiaren eguneroko kronika egingo du
webgunean, eta sare sozialetan (
Twitter eta
Facebook kontuetan), eta helmugara iritsita, arropa nola banatzen den kontatuko du, hitzez nahiz argazkien bitartez.
Modu horretara, hondarribiarrek —eta Hondarribira errefuxiatuentzako materiala eraman dutenek—, uneoro izango dute beraiek utzitakoaren berri, Lezoko Echemar garraio enpresatik ateratzen den momentutik, errefuxiatuek jasotzen duten uneraino bertaraino.
Arropa, aste honetako igandera arte jasoko dute —egunero 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara—. Baina kanpaina hilaren 16an bukatuko da,
Klink elkarteak antolatu duen elkartasun bazkariarekin.
Askotariko arropa biltzeaz gain, jaso ezin dena —barruko arropa, haurrentzako pixoihalak eta emakumeentzako konpresak— erosten ari dira, eta Klinken bilduko duten dirua ere horretara bideratuko da. Emeki elkarteak kontu korronte bat ireki du herritarrek ekarpenak egin ditzaten; honakoa da: ES05 2095 5039 90 1061338918.
Bilketa kanpainaren jarraipena Twitterren egiteko: #Hondarribitik Greziara