Herri plataforma eratuko dute eta arropa biltzeari ekingo diote, Greziako Chios irlara iristen ari diren iheslari siriarrentzako.
Errefuxiatuei laguntzeko lehen bilera egin zuten atzo Puntalean
Hondarribiko Emeki elkarteak herritarrak eta herriko taldeak inplikatu nahi ditu Greziako Chios uhartera iristen ari diren errefuxiatu siriarrei laguntza emateko. Herri plataforma sortu nahi dute, eta hasi dira urratsak egiten. Atzo bilera egin zuten Puntaleko egoitzan eta aurrerantzean asteartero elkartuko dira 19:00etatik aurrera. Kanpaina zehaztu bezain pronto herritarrek nola lagundu dezaketen jakinaraziko dute.
Intxaurrondoko Munduko Zaporeak elkartearekin harremanetan jarri da Emeki. Grezian lanean ari diren boluntarioei laguntza zuzena ematen die Donostiako elkarteak, eta martxoan azpiegitura muntatu dute Chiosen: boluntarioentzat eta iheslarientzat janariak prestatzen hasi dira bertan. Emekik eskatuta, errefuxiatuen beharrak zeintzuk diren galdetu dute donostiarrek Grezian, eta gutuna bidali dute Hondarribira.
Batez ere, barruko arropak, oinetakoak, txandalak eta neguko arropa behar dute, eta hori horrela, bilketa antolatzen hasi ziren atzoko bileran. Batetik, herri plataforma osatzea eta zabaltzea erabaki zuten, eta bestetik, eman ezin daitekeen arropa —barruko arropak— prezio onean erosteko hasi dira bilatzen, baita jaso daitekeena non biltzen hasi.
Gainera, arropa jaso eta gero garraioa nola egin hasi dira aztertzen. Izan ere, Euskal Herriko beste lekuren batean, Elgoibarren adibidez, burutu dituzte errefuxiatuen aldeko herri ekimenak, eta bilketa eta tokiko garraio enpresen inplikazioa lortu zuten.
Hori guztia, eta beste hainbat xehetasun, landuko dituzte hurrengo bileran. Bitartean taldea handitu nahi dute, herria inplikatu, eta ideiak jaso. Urgentziazko gaia izanik, herritarrei adi egoteko eskatu diete, une batetik bestera hasiko baitira Hondarribian errefuxiatuen aldeko bilketa egiten.