Bera Bera Grosen aurka irabazi eta gero, Euskal Ligara igotzeko azken faserako txartela eskuratu du Hondarribiko taldeak.
Saskibaloiko Gipuzkoako emakumeen Lehen Mailako lauko finala jokatuko du
Hondarribia Ikasbasket taldeak. Larunbatean Bera Bera Grosi irabazi zioten hondarribiarrek (70-48) eta azken faserako sailkatu den lehen taldea dira. Igoerako ligaxka bukatzeko hiru partidaren faltan, tarte hori lortu dute bosgarren sailkatua den Beasaingo Arri BKLrekiko.
Lau talde geratzen dira beste hiru lekuetako bat lortzeko borrokan: Antigua Luberri, zortzi garaipenekin —Ikasbasketek bederatzi ditu—; Bera Bera Gros eta Añorga, zazpirekin; eta Arri BKL, seirekin.
Ikasbasket lauko finaletik kanpora geratzeko aukera bakarra litzateke bere hiru partidak galtzea eta Arri taldeak denak irabaztea, eta hondarribiarren aurka jokatu beharrekoa, gainera, 17 puntu baino gehiagoz irabaztea —lehen itzulian 71-54 nagusitu ziren hondarribiarrak—. Baina, horrez gain, Bera Bera Grosek ere irabazi beharko lituzke falta zaizkion hiru partidak —Ikasbasketekin
average-a galduta duelako—, eta horietako bat Arri BKLren kontra du. Hortaz, bietako batek behintzat ezingo ditu hiru partidak aurrera atera, eta horrek matematikoki sailkatzen du Hondarribia Ikasbasket.
Larunbatean etxean jokatuko dute berriro
Helburua, harrobiari jarraipena ematea
Hondarribia Ikasbasket klubak udaran sortu zuen seniorren taldea, beheko mailetan ari diren neskei jokatzen jarraitzeko aukera emateko helburuarekin. Lehen jardunalditik publikoa erakarri du taldeak, eta Hondartzako harmailek itxura polita hartu izan dute larunbat arratsetan Ikasbasketek etxean jokatu duenean.
Datorren larunbatean berriro jokatuko du Ikasbasket taldeak etxean, lauko finalean aurkari izan daitekeen Añorgaren kontra. Azken fasera sailkatu izanaren sariaz disfrutatzeko lehen aukera izango dute berdeek, zaleen aurrean.