Euskarazko film laburren XIII. zirkuituak Hondarribiko Kultur Etxean egingo du geldialdia, ostiralean.
Abian da
XIII. Laburbira euskarazko film laburren zirkuituko edizio berria, eta aurten ere Hondarribian egingo du geldialdia, Alde Zaharreko Kultur Etxean. Ostiralean izango da, hilaren 11n, 20:00etan. Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du, eta sartzea debalde izango da.
Euskaltzaleon Topaguneak antolatzen du Laburbira zirkuitua eta euskaraz egiten diren lanak biltzeaz gain, “ibilbide luzeko egileen eta sortzaile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egiten du”. Topagunearen arabera, aurten ere kalitate handiko lanak ikusteko aukera izango da: “Euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileek ez dute etenik, kalitatezko lanak egiten jarraitzen dute”.
Bata bestearen ondortik, zortzi film labur proiektatuko dituzte ostiralean Kultur Etxean. Horietatik bat 2014an egindakoa da, gainontzeko zazpiak iaz. Gainera, zuzendarietako bat izango da ostiralean Kultur Etxean —oraindik ez dute zehaztu zein— eta harekin solasteko aukera izango da emanaldiaren ondoren.
XIII. Laburbira. Film laburrak
Zea Bingo. 2015 (7´). Ane Urkiola.
Erreplika. 2015 (14´30´´). Iñigo Gaiton Gonzalez de Txabarri.
Jorrai. 2015 (3´). Uda Films.
Fishura. 2015 (6´45´´). Yago Mateo.
Bere bizitzetako bat. 2014 (8´). Aitor Gametxo.
Brunilda. 2015 (12´50´´). Eriz Alberdi.
Hartz txiki. 2015 (16´30´´).
The Arlotes, Uraitz Soubies.
Semeak. 2015 (7´25´´). Iker Azkoitia.