Igandera arte, eskualdeko emakume margolariek egindako berrogeita hamar artelan inguru ikus daitezke Arma Plaza kultur gunean.
Askotariko lanak bildu dituzte Emakume margolarien erakusketan
Emakume margolarien erakusketaren zabaltzearekin abiatu da
Hondarribiko Emakumearen Astea. Igandra arte bisitatu daiteke Arma Plaza kultur eta turismo guneko goiko solairuan, 10:00etatik 18:00etara. Guztira, berrogeita hamar obra inguru bildu dituzte, denak eskualdeko emakume margolarienak, profesionalak nahiz afizionatuak.
Emeki emakume elkarteak antolatzen du urtero erakusketa hau, martxoaren 8aren bueltan osatzen den egitarauaren barruan. Aurten, Zuloaga Etxean zaharberritze lanak egiten ari direnez, Arma Plazan muntatu dute, eta espazio berriko ezaugarriak kontuan eduki dituzte. Maria Luisa Arija Emekiko kideak azaldu duenez, erakusketa “handiagoa izan zitekeen, eta neurri handiagoko lanak jasotzeko aukera bazen”, baina obra kopuruari baino, artista kopuruari eman diote garrantzia, eta erakusten diren lanak modu txukunenean erakutsi nahi izan dute. Hori horrela, artista bakoitzari obra gutxiago eta tamaina txikiagokoak eskatu dizkiete, eta emaitza oso txukuna da.
Hala, berrogeita hamar artelan ikus daitezke gaurtik eta igandera bitartean Arma Plazan. Olio margoak, akuarelak, akrilikoak, serigrafiak… askotariko teknika, estilo eta euskarritan eginak, eta gai oso desberdinak lantzen dituztenak. Merezi du.