Gaur aurkeztu dute Ficoban Txikien I. Azoka, aurtengo lehenbizikoa
32 erakusketarik parte hartuko dute ostiraletik igandera
Ficoban izango den
Txikien I. Azokan. Gaur aurkeztu dute azoka berria, aurtengo lehenbizikoa.
Aurkezpenean esan dutenez, 0-12 urte bitarteko haurrentzako proposamenak eskainiko dituzte erakustazokan, baina txikinenentzat ez ezik, gurasoentzat zein haurdun dauden emakumeentzako askotariko berritasunak aurkeztuko dituztela iragarri dute.
Zehazki, haurdunaldiaren, amatasunaren eta haurtzaroaren sektorearekin zerikusia duten produktu, zerbitzu eta jardueren eskaintza erakutsiko diote jendeari.
Moda, osasuna, puerikultura, gorputz-ariketa, aisia eta denbora librea, eta hezkuntza izango dira erakusketako eskaintzaren ardatz nagusiak, zehaztu dutenez “guraso estreinatu berriek edo gurasogaiek merkatuak eskaintzen dituen azken berritasunak ezagutzeko aukera izan dezaten”.
Jarduera paraleloak
Azokak iraungo duen hiru egunetan, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dituzte, guraso zein haurrentzat. Hitzaldietan, besteak beste, edoskitzea, umeen mundu emozionala, elikadura, fisioterapia haurdunaldian edota erditze ondorengo leheneratzea jorratuko dituzte. Tailerretan, berriz, haurdun dauden emakumeentzako pilates edota yoga ikastaroak izango dira, baita ume-eramaile ergonomikoen ingurukoa ere, besteak beste.
Horrez gain, gurasoek eta haurrek azoka erosotasunez bisita dezaten, edoskitze-areto bat atonduko dute, eta baita haurrentzako aisialdi gune bat ere, puzgarriekin, irakurketa txokoarekin, margotzeko txokoa, baita psikomotrizitate jolasetarako txokoarekin ere.
Eguerdietan itxita
Sarrerak 2 euro balio du, eta 12 urtera arteko haurrak doan sartuko dira. Aparkalekua ere debalde izango da. Ostiralean, 16:30etik 20:30era bisita daiteke azoka, eta larunbata eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Eguerditan, ohi ez bezala, itxita egongo da erakustazoka.
Ficobak Sofeven enpresarekin antolatu du Txikien I. azoka. Enpresa berak Iruñean antolatzen du azoka berdina, gaur nabarmendu dutenez “arrakasta handiarekin”.