Ostegunean aurkeztu zuten Emakumearen Astea
Frankismo garaiko emakumeak izango dituzte gogoan martxoaren 8aren harira Hondarribian antolatutako Emakumearen Astean. Lehen aldiz, gai zehatz baten inguruan antolatu dute Emakumearen Astea, eta hala, 1936ko gerraren ondoren herria abandonatu behar izan zuten eta frankismo garaian Ipar Euskal Herrian edo iparralderago lanean aritu ziren Hego Euskal Herriko emakume guztiak omenduko dituzte.
Bihar bertan,
Jon Abrilek zuzenduriko Neskatoak dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxean, eta Abrilek berak egingo du aurkezpena. Atzo, igandez, estreinatu zuten
Neskatoak Beran, egilearen herrian, eta batez ere Bortzirietako emakumeen bizipenak jasotzen ditu. Hondarribikorik ez da bideoan azaltzen, baina herrian alde egin behar izan zutenak badirenez, horien bila aritu da Emeki, eta horien guztien izenean, Maria Teresa Oronoz omenduko du heldu den igandean, hilaren 13an.
Horrez gain, frankismo garaian Bidasoaren beste aldean lan egin zutenei deia luzatu diete, ostiralean Kultur Etxean egingo duten solasaldira joateko. Bertan, Rosa Arburuak
Hegoaldeko neskak iparraldean lanean eta ikasiz goiburuko hitzaldia emango du, eta ondoren solasaldia egingo dute, 1950-1960 sasoia gogoan.
‘Neskatoak’ dokumentaleko irudi bat
Ekitaldi horiez gain, ohiko erakusketak eta iaz arrakasta handia izan zuen afari merienda interkulturala antolatu du Emeki elkarteak aurtengo Hondarribiko Emakumearen Astearen barruan (ikusi egitarau osoa behean).
Bisita gidatu berezia, asteartean
Joan den ostegunean aurkeztu zuten Emakumearen Asteko egitaraua Emeki elkartearen egoitzan eta bertan izan ziren Emekiko ordezkariak eta Arantxa Berrotaran Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia. Izan ere, Emekik antolatutako ekitaldiek udalaren babesa izateaz gain, udalak bere aldetik bisita gidatu berezi bat antolatu du martxoaren 8rako, Arma Plaza Fundazioaren bitartez.
Asteartean egingo dute bisita gidatu hori, 11:00etan Arma Plazatik abiatuta.
Hondarribitik pasa diren zenbait emakume entzutetsu da bisitaren goiburua, eta izenak ondo adierazten duen bezala, izen handiko emakumeek utzitako aztarna baliatuta prestatu dute. Oihana Lekuonak gidatuko du ibilbidea, eta bertan, Inesa de Gaxen, Austriako Maria Teresa infanta, Habsburgoko Maria Cristina eta beste hainbat emakumeen pasadizoak kontatuko ditu, denak hiribilduarekin zerikusia dutenak.
Hondarribiko Emakumearen Astea
- Hilaren 8tik 12ra. Emakume margolarien erakusketa Arma Plazako Turismo bulegoan.
- Hilaren 8an (asteartea). Neskatoak dokumentalaren proiekzioa, Jon Abril zuzendariak aurkeztuta. 19:00etan Itsas Etxean.
- Hilaren 8an (asteartea). Hondarribitik pasatu diren zenbait emakume entzutetsu bisita gidatua, 11:00etan Arma Plazatik abiatuta.
- Hilaren 9tik 13ra, Emekiko ikasleen lanen erakusketa (trikota, eskulanak, jantzigintza, lentzeria, bitxiteria), Emeki Elkartean (Molla etorbidea, 1). 16:00etatik 19:00etara.
- Hilaren 11an (ostirala). Rosa Arburuaren Hegoaldeko neskak iparraldean lanean eta ikasiz hitzaldia eta ondoren solasaldia, Kultur Etxean. 19:00etan.
- Hilaren 12an (larunbata). Emakumeen afari merienda interkultura. Emeki elkartean, 19:00etan.
- Hilaren 13an (igandea): Maria Teresa Oronoz Elizazuri omenaldia: txalapartariak, trikitilariak, bertsolariak… 12:30etik aurrera, Emeki elkartean.