Txema Olazabal handiak irakasgaia eman zuen Hondarribiko kirol sarien bigarren galan. Euskarak, lehen ekitaldian baino presentzia handiagoa izan zuen atzo.
Sarituak, Txema Olazabalekin eta Txomin Sagarzazu alkatearekin
Txema Olazabal Kirol sarien bigarren ekitaldiko sari banaketa egin zen atzo arratsean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Lidia Yarza, Ion Areitio, Hondarribia Arraun Elkartea eta Unai Emery izan ziren sarituak, hurrenez hurren, azken bi urtetako emakume kirolari, gizon kirolari, kirol elkarte eta kirolarekin zerikusia duen pertsona nabarmenduena. Lau horiez gain, Euskadiko nahiz estatuko txapelketetan domina lortutako herriko 84 kirolariei ezagupen publikoa egin zitzaien atzoko galan.
Saridunak, herritarren bozketa bidez zehaztu dira aurten ere, aurretik kirol elkarteek eta herriko kirol informazioa lantzen duten komunikabideek —horien artean HITZA— proposaturiko hautagaien artean. Bozketetan berdinketarik egon ez denez, epaimahaiaren lana herritarren nahia berrestera mugatu da. Nolanahiere, epaimahaiari, hautagaien zerrenda osatzen lagundu dutenei eta bozkatu dutenei, horiei guztiei eskerrak eman zizkien Txomin Sagarzazu alkateak, baita sariei bere izena ematen dien Txema Olazabal golf jokalari handiari: “Etorritako guztiei, kirolean publikoki eta isilpean lan egiten duten guztiei, eta nola ez, Txema Olazabali. Bere adibidea oso egokia da gaur aurrean ditugun guztiontzat. Kirolaren alde guztiak ezagututakoa, gogor saiatzea, eginahalak egitea eta norbere buruari eta besteri zor zaien errespetua oinarritzat hartuta”.
Duela bi urte lehen ekitaldia egin zenean hitza eman zuen Txema Olazabalek bigarren sari banaketan egongo zela, eta esandakoa bete du: Hitz politak izan zituen herritarrentzat, eta kirolaren aitzakiarekin Hondarribiaren izena zabaltzen ari diren herritarrentzat: “Munduan zehar toki askotan ibili naiz eta ez dut Hondarribia bezalako tokirik topatu, denetatik dauka eta batez ere, bere jendea eta kirolari kopurua. Gazte eta kirolariak zarete, saiatu gogor kirolean, baita ikasketetan ere, eta ikasi nola irabazi eta nola galtzen den. Kirola mundu polita da, baita gogorra ere, eta zenbat eta prestatuago egon, hobe zuentzat”.
Olazabalen hizketaldiaz gain, galak beste une hunkigarri batzuk izan zituen, horien artean, Unai Emeryren eskertza jasotzen zuen bideoaren proiekzioa. Gainontzeko saridunek ekitaldian bertan jakin zuten sariaren berri, baina Emeryk ezingo zuenez agertu, aurretik jakinarazi zitzaion, eta haren esker hitzak pantaila erraldoian ikusteko aukera izan zen atzo. Sevillako futbol entrenatzailearen amak, jaso zuen kirolarekin zerikusia duen pertsonari emandako saria.
Iñaki de Mugika izan da epaimahaiko buru
Lidia Yarza judokak ere ezin izan zuen eskutan jaso emakume kirolari onenaren saria. Haren ahizpak jaso zuen, eta Lidia Madrilen dagoela jakinarazi zuen, Espainiako txapelketan lehiatu behar baita gaur. Iaz Gazte Mailako txapeldun geratu zen Yarza eta aurten postu hori berretsi nahi du. Alde handiarekin, Ama Guadalupeko Judo Taldeko harribitxia izan da lau kategoriak kontuan izanik herritarren babes handiena lortu duen kirolaria.
Gizon kirolari onenaren saria Ion Areitio bike trial pilotuak jaso zuen, bigarrenez. Duela bi urte Espainiako txapelduna eta munduko hirugarrena izan zen Areitio, baina eskumuturra hautsi eta gero iazko denboraldi osoa zuen, eta orain gutxi hasi da berriro lehiatzen. Urte gogorra pasa du eta oso hunkituta jaso zuen herritarren erabakia; malkoen artean, justu-justu izan zuen eskerrak emateko indarra.
Eta errepikatu duen bestea Hondarribia Arraun Elkartea izan da, kirol elkarte onenaren saria bigarrenez jaso duena. Josemi Elduaien presidenteak jaso zuen saria, eta “hainbesteko oihartzuna ez duten” klubekin konpartitu nahi izan zuen: “Egia da arraun elkartea urte oso onak bizitzen ari dela, baina horrek itzala egiten die lan handia egiten ari diren beste elkarteei”.
Euskararen presentzia handiagoa
Olazabal Kirol Sarien bigarren ekitaldia izan zen atzokoa. Hondarribiko Udalak 2014 urtean deitu zituen aurrenekoz, bi urtetik behin egiteko asmoarekin. Lehen ekitaldiarekin alderatuta, atzo Itsas Etxean egin zen sari banaketa arinagoa izan zen eta euskararen presentzia handiagoa, ekitaldiaren aurkezpenetik hasita. Ainara Elizondo aritu zen aurkezle, eta euskaraz egin zuen bere jarduna. Iñaki de Mugika kazetariaren hitzaldia ezik —epaimahaiko buru bezala errepikatu du irrati esatariak—, mikrofonoa hartu behar izan zuten guztiek —alkateak, Olazabalek, eta saritutakoek—, euskara erabili zuten esan beharrekoa esateko; baten batek gaztelaniaz ere egin zuen, baina euskaraz lehenago.
Hondarribiko kirol sarien banaketa ekitaldian euskara izan zen lehen hizkuntza, eta nabarmentzeko modukoa da hori, atzo modu naturala hori dela agerian geratu zen arren, ez baita beti horrela egiten.
Festa polita izan zen Hondarribiko II. Olazabal Kirol Sarien gala. Une hunkigarri batzuk izan zituen, barre egitekoak ere, eta hutsune bat. Izan ere, Euskadiko edo estatuko txapelketetan domina lortutako kirolariei diploma bana banatu zitzaizkien —80tik gora guztira—, eta asko banatu gabe geratu ziren, kirolariak ez zirelako agertu. Falta ziren kirolari guztiek izango zuten arrazoiren bat Itsas Etxera ez hurbiltzeko, kanpoan egon, entrenatzen… Baina denek izango zuten ordezkaritza bidaltzeko aukera, haien diploma poztasun handiz jasoko zukeen guraso, anai-arreba edo lagunen bat. Eta askok ez zuten egin, eta horrek itsusitu zuen ekitaldia.
Kirolari horiena baino askoz ere korapilatuagoa da Txema Olazabalen agenda, baina atzo berriro maisu izan zen herriko kirolari unibertsalena, duela bi urte emandako hitza betez. Munduko golf jokalari onena izatea erabaki zuen baserriko ume hura kiroltasunaren eredu bilakatu da, eta bere jaioterriaren izena paseatu du mundu osoan. Atzo berriro irakasgaia eman zuen, umiltasunetik, eta horregatik bakarrik ja merezi izan zuen Itsas Etxea Auditoriumeko harmailetan eseritzea.
Nominatuak eta diploma jaso zutenak, Txema Olazabalekin eta udal ordezkariekin