Gazte Mailako Espainiako txapeldun geratu dira Ama Guadalupekoa Judo taldeko bi neskak, Lidia Yarza hondarribiarra eta Maialen Ramos irundarra.
Lidia Yarza eta Maialen Ramos Ama Guadalupekoa Judo taldeko judokek urrezko domina bana lortu dute gaur Pinton (Madril) egin duten Gazte Mailako Espainiako Judo Txapelketan. Ramosek -63 kiloetan lortu du garaipena, eta Yarzak, +78etan.
Maialen Ramos izan da podioko gorenera igotzen lehena, arratsaldeko laurak aldera. Hondarribian entrenatzen den irundarrak lehen urtea du Gazte Mailan, eta, duela gutxi belauneko lesio larri batetik sendatu den arren, kadeteetan lortutako emaitzak berdintzen eta hobetzen ari da. Zerrendako 10. postutik abiatuta lehiaketa harrigarria egin du Ramosek, eta jokatutako bost borrokak irabazi ditu. Besteak beste, rankineko bigarrena eta seigarrena utzi ditu kanpoan finalerako bidean. Eta finalean, faborito nagusia gainditu behar izan du urrea lortzeko, beste irundar bat baina Valentziarekin lehiatzen dena, Maitane Herrero.
Yarza, Oier Goikoetxea taldekidearekin entrenatzen
Yarzaren bigarrena
Ordu erdi geroago eguneko bigarren garaipena iritsi da Ama Guadalupekoa taldearentzat. Lidia Yarza bigarren aldiz geratu da Espainiako txapelduna juniorretan —iaz ere lortu zuen, eta duela bi urte bigarren geratu zen—, eta bere pisuan indartsuena dela berretsi du. Lau borroka gainditu behar izan ditu hondarribiarrak txapelketa lortzeko, eta lauak
ippon bidez irabazi ditu.
Podioko goiko koskara askotan igo den arren, kostatuko zaio asteburu hau ahaztea Yarzari. Izan ere, gaurko garaipenari, atzoko
Txema Olazabal saria gehitu behar zaio, azken bi urtetako lorpenengatik Hondarribiko emakume kirolari onenari herritarrek emandako saria.
Ama Guadalupekoa taldeko beste bi judoka lehiatu dira Espainiako txapelketan, Oier Goikoetxea (-60) eta Iker Otegi (-66). Bi mutilek borroka bana irabazi dute eta ezin izan dira dominen borrokan sartu.