Nagore Arbelaitz oftalmologo hondarribiarra Saharan egon zen urtarrilean Munduko Begiak GKEarekin. Bi astean 150 katarata ebakuntza burutu zituzten.
Hamabost egunetan ia 600 kontsulta pasa eta 150 ebakuntza egin zituzten
Nagore Arbelaitz Pascual oftalmologo hondarribiarrak bi aste eman zituen urtarrilean Saharan, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan katarata ebakuntzak egiten. Munduko begiak (
Ulls del món) gobernuz kanpoko erakunde katalanarekin bidaiatu zuen Arbelaizek, Andres Müller donostiarra eta Rebeca Atienza bilbotarrarekin batera.
Hamabost egunetan ia 600 kontsulta pasa eta 150 errefuxiaturi bista itzuli zieten. “Munduko itsutasunarekin bukatzea da gure helburua”, adierazi du Arbelaitzek.
Rafael Ribo eta Borja Corcostegui katalanek sortu zuten Munduko begiak, 2001eko uztailan. Sei hilabete lehenago Tindufera bidaiatu zuten biek, eta bertakoen beharrak ikusita, irabazirik gabeko elkarte bat eratzea erabaki zuten. Hamabost urtean, Saharan ez ezik, Malin, Mozanbiken eta Bolivian garatu dituzte itsutasuna prebenitzeko eta sendatzeko programak, eta milaka ebakuntza burutu dituzte.
Saharara urtean bitan bidaiatzen dute. Azken bidaia urtarrilean egin zuten, eta horiekin lehen aldiz joan zen Arbelaitz. Mendaroko ospitalean egiten du lan, baina Donostian espezializazioa egiten ari zelarik abisatua zuen, berarekin kontatzeko.
Ostiralean Nagore Arbelaitz Pascuali eginiko elkarrizketa luzea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan. Bertan, Tindufen bizitutakoak azaltzen ditu hondarribiar oftalmologo gazteak.