Hendaian gaur, eta Hondarribian nahiz Irunen egingo dituzte jarduerak. Antxeta Irratia ekitaldi gehiago prestatzen ari da.
Otsailetik ekainera luzatuko dira irratiaren 15. urteurrenaren ospakizunak
15 urte beteko ditu aurten
Antxeta Irratiak. Horren harira, otsailetik ekainera urteurrena merezi bezala ospatu nahi dute, eta jada hasi dira zer egingo duten iragartzen. Lehen jarduera Topaketa Gastronomiko Kulturanitza izango da. Antxeta Irratia FMko 90.5 edo 89.7 frekuentzietan entzun daiteke.
Hilaren 12an (bihar), 19an eta 24an, Hendaiako, Irungo eta Hondarribiko beste hainbeste elkartetan, munduko gastronomia ezagutzeko aukera izango da topaketa horien bidez.
Topaketen ondoren Bidasora etorri berrien gaineko gogoeta planteatu du Antxeta Irratiak mahai-inguru formatuan, eta honako gaiarekin:
Beste herrialdeetako bidasoarren inklusio neurriak eta harreman sozialak. SOS Arrazakeria, Adiskidetuak elkartea eta Irungo Udaleko Ongizate arloarekin elkarlanean antolatu du solasaldia Antxeta Irratiak.
Hori bakarrik ez; hilaren 26an, Pausuko Xaia ostatuan, 15. urteurrenaren ekitaldien berri emateko aurkezpen jaia egingo dute, 20:00etan hasita: Luz de Putas taldeak irratiaren 15 urteetarako propio egin duen abestia estreinatuko du jendaurrean.
15 urte uhinak orrazten leloarekin gorpuztu dute ekainera arte luzatuko den kanpaina.
Topaketa Gastronomiko Kulturanitzak
Topaketa gastronomikoen lehen jardunaldia bihar egingo dute, Hendaiako Baleak elkartean. Bertan, 19:00etan hasita, Argentinako eta Nikaraguako ordezkariek, Bidasoan bizi direnak, euren jakien berri emango dute su artean. Hitzordua baliatukom dute jatorri ezberdinetako bidasoarren arteko harremana estutzeko, pintxo-pote formatuan.
Hurrengo jardunaldia hilaren 19an da (ostirala). Hondarribiko Klink elkartean (18:30ean hasita), Senegalgo familiek euren sukaldaritzaren berri emango dute. Hirugarren eta azken saioa Irungo EKTn izango da, 18:30ean ere, eta bertan Hondarribiako ukrainiar jatorriko sukaldari batek, zein Mexikotik etorritako irundar batek euren arrastoa utziko dute, jaki bidez.