Espetxe zigorra guztiz betetzeko falta zaizkien hilabeteak egin beharko lituzkete presondegian, Harokarenek 13 hilabete, Castillok 11 hilabete. Faisan auziaren barruan izan ziren epaituak.
Faisan tabernaren ataria. Argazkia: Angulaberria
Espainiako Auzitegi Gorenak, Faisan auziaren harira, falta zaien espetxe zigorra betetzeko agindua helarazi die Jean Pier
Txanpi Harokarene eta Emilio Castillo irundarrei (egun, Hondarribian bizi da Castillo). 2006an atxilotuak eta kartzelara eramanak izan ziren, ondoren aske gelditu, eta orain Harokareneri 13 hilabeteko kondena eta Castillori 11 hilabetekoa bete dezatela agindu die Gorenak.
Hondarribian eta Irunen
Txanpi eta Emilio aske! izeneko plataforma sortu dute bi bidasoarrei babesa emateko. Horrela, manifestaziora deitu dituzte herritarrak hilaren 30erako (19:00etan Irungo Zabaltza plazatik): “Oso larria deritzogu hainbeste denbora pasatu ondoren, eta batez ere Euskal Herriko egoera politikoa hainbeste aldatu eta gero, gure herritar hauek kartzelara joan behar izatea”. Nabarmendu dutenez, Emilio Castillok egun 75 urte ditu, eta larri gaixo dago.
Plataformak adierazi du “konponbiderako” garaia dela, “ez gatazka elikatzekoa. Epaiketa politikoak eta salbuespen neurriak amaitzeko unea da, eta ez arrazoi politikoengatik inor gehiago kartzelaratzekoa”. Hortaz, Gorenaren agindua “izugarrizko astakeria eta injustizia” dela iruditzen zaio herritarren taldeari, “asko gara egoera hau ulertzen ez dugunak eta onartu ezin dugunak”. Hortaz, herritarrei horren kontra “urratsa” egiteko eskatu diete “Espainiako eta Frantziako estatuetatik datozkigun astakeria hauekin bukatzeko. Denon artean lortuko dugu”.