EH Bilduren iritziz udalak egindako aurrekontu proposamenak ez die irundarrek dituzten beharrei erantzuten, eta orain arteko aurrekontuen jarraipen bat besterik ez da.
Irungo EH Bilduko hautetsiak: Izaskun Sorondo, Oinatz Mitxelena eta Jokin Melida.
EH Bilduren iritziz udalak egindako aurrekontu proposamenak ez die irundarrek dituzten beharrei erantzuten, eta orain arteko aurrekontuen jarraipen bat besterik ez da. Hori dela eta, osoko zuzenketa aurkeztuko duela jakinarazi du gaur Oinatz Mitxelena bozeramaleak.
Agerraldia egin dute hori jakinarazteko udaletxearen aurrean EH Bilduko udal ordezkariek.
Osoko zuzenketaz gain, hamabost zuzenketa partzial aurkeztuko ditu koalizioak honako arlo hauetan: euskara, Bidasoa Bizirik, energian eta gizarte politikan.
Lehenik eta behin, euskalduntze eta alfabetatze bidean, “benetako urratsak” eman behar direla esan du Mitxelenak, eta horrenbestez, euskara ikastea dohainik izatea proposatu du.
Horrez gain, aniztasun funtzionala duten herritarrek aukera berdintasunean egoteko neurriak hartu behar direla azaldu du EH Bilduk. Lukineko etxea berritzea ere eskatu du, eta horri erabilera bat ematea, esate baterako udalekuetarako. Irunen dauden eraikin guztien azterketa bat egitea ere proposatu du, zein egoeretan dauden ikusiz, Korrokoitzekoa bezalako kasuak ekiditeko, eta horrekin lotuta, alokairu sozialera etxebizitza kopuru bat bideratzea ere galdegin du.
Bidasoa Bizirik eta garapen ekonomikoarekin lotutako hainbat proposamen egin ditu EH Bilduk, eta nabarmenena Garapen Ekonomikorako Plan Estrategiko oso bat egitea. “Ez herriak ez eskualdeak ere ez daukate garapen ekonomikorako plana, eta garrantzitsutzat jotzen dugu”, esan du Mitxelenak. Gaineratu duenez, hori behin baino gehiagotan eskatu du Izaskun Sorondo EH Bilduren ordezkariak administrazio kontseiluan. Zentzu horretan, hiru sektoreak kontuan hartzeko beharra ikusten du EH Bilduk, eta esate baterako, lehenengo sektorean Agroaldeak sortzea proposatu du.
Proposamen horiek 10.160.000 euro inguruko kopurua batzen dutela kalkulatzen du EH Bilduk.
EH Bilduk udal gobernuarekin hitz egiteko eta negoziatzeko asmoa agertu du.