Espetxe aldaketa "oso gogorra" izan delako salaketa jarri dute abokatuek. Astelehen goizaldean trasladatu zuten Tomas Elgorriaga, familiari jakinarazi gabe.
Larunbateko kontzentrazioa, Friburgon
Tomas Elgorriaga hondarribiarra Fleury-Merogis presondegian espetxeratu dute, hilaren 13an bere auzia zeraman Alemaniako epaileak Frantziaren estradizio eskaera onartuta. Alemaniako prentsak asteburuan zabaldu zuenez, epaileak jarritako zenbait baldintza onartu behar izan ditu Frantziak, hala nola, berriro epaitua izatea, fiskaltzak gehienez hamar urteko zigor eskaera egitea, eta zigortuz gero, presoak Alemanian kondena bete ahal izatea. Baina familiak jakinarazi duenez, azken baldintza hori, Alemanian betetzearena, ez du onartu Frantziak.
Astelehen goizaldean estraditatu zuten presoa. Familiak salatu du trasladoa «oso bortitza» izan zela, eta bere objektu pertsonalak hartzea galarazi ziotela, «betaurrekoak ere ezin izan zituen hartu». Herenegun arratsaldera arte presoaren senideek ez zuten haren berririk eduki.
Gerora jakin zuten bi egun Estrasburgon pasatu eta herenegun Fleury Merogis presondegira eraman zutela, Parisko epailearen aurretik pasatu eta gero. Espetxe aldaketa egin zen eragatik salaketa jarri dute Elgorriagaren abokatuek, berriro Alemaniara itzuli dezatela eskatuz.