Tomas Etxera taldeak autobus bidaia antolatu du Friburgora. Tomas Elgorriaga preso hondarribiarrarekin Alemanian erakutsiriko elkartasuna eskertuko dute azaroaren 13tik 15era.
Elgorriagaren askatasunaren aldeko pankarta, alemanez, San Pedro kalean
Datorren larunbatean urtea beteko da Alemaniako poliziak Tomas Elgorriaga Mannheim herrian atxilotu zuenetik. Gerora jakin da 2000. urteaz geroztik bizi zela Friburgon, bertan egin zituela ikasketak, unibertsitatean lanean ari zela, eta doktoretza prestatzen ziharduela. Horretan ari zela atxilotu zuten Manhheimen eta bertako espetxean dago preso, baldintza gogorretan: egunero ordubete du patiora ateratzeko, eta gainontzeko 23 orduak ziegan pasatu behar ditu.
Hasierako harridura eta gero Elgorriagaren alde mobilizatzen hasi ziren Friburgon, eta bere jaioterrian Tomas Etxera taldea eratu zuten. Kima Arzuaga taldeko kideak azaldu duenez, “gaztetako lagunek sortutako taldea da, egoerari aurre egiteko, familiarekin eta lagunekin harremana errazteko eta elkartasuna adierazteko”. Koldo Elizetxeak erantsi du “egoera berezia” zelako elkartu zirela: “Gurasoak zaharrak dira, anai bat Bilbon du eta bestea Suitzan. Atxilotu berritan ez genekien zer gertatuko ote zen, baina ikusten genuen behar hori, elkartzeko beharra, egunerokotasunean laguntzeko, gauza praktikoetan”.
2000. urtetik ihes eginda zegoen Elgorriaga. Bi urte lehenago atxilotu zuten. Atxiloketaren ondorengo egunetan torturak eta tratu txarrak jaso zituela salatu zuen, baina epaitegiek ez zuten bere salaketa aztertu nahi izan. Zazpi hilabete preso egin zituen Espainiako Estatuan, baldintzapeko askatasuna jaso arte. Epaiketara ez zen azaldu, eta ordutik, Euskal Herritik kanpora bizi izan da, Friburgon. Ama alemaniarra izanik, hizkuntza menperatzen du txikitatik, eta horrek lagundu zion bizitza normala egiten, identitate faltsuarekin izan bada ere.
Auzi-ihesean epaitua
Iaz atxilotu zutenean, bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zegoen bere kontra Frantzian. “Bi akusazio zituen, Frantziaren euroagindua, eta paper faltsuekin bizitzea. Bigarren hori kendu diote ja, eta euroagindua du bakarrik”, azaldu du Arzuagak.
Frantziako justiziak lau aldiz zigortu du Elgorriaga auzi-ihesean —12 urteko zigorra ezarri zioten, guztira—, eta bera estraditatzeko eskaera aztertzen ari da Mannheimeko epailea. Epaileak udan jaso zuen txostena, baina nahikoa ez zelako, informazio gehiago eskatu zion Frantziari. Abuztua bukaeran jaso zuen bueltan, baina informazio gehigarririk gabe zegoela diote Tomas Etxerakoek, “lehengo txosten berbera, baina alemanera itzulita”. Horregatik, epaileak euroagindua ez onartzeko aukerak badaudela uste dute. “Frantziara edo libre”, beste aukerarik ez dagoela azaldu du Beñat Kalbetek, eta bere ustez, libre geratu beharko litzateke, Frantzian leporatzen zaiona ez zuelako berak egin, Alemanian zegoelako: “Zein interes eduki dezake orain Frantziak preso berri bat hartzeko?”.
Estraditatuz gero, aldiz, aukera gehiago leudeke, epaiketak berriro egitea, hiru kondenak elkartzea, bere horretan geratzea… baina horretan ez dute pentsatu nahi Tomas Etxerakoek, presoaren askatasuna besterik ez dute nahi, eta horretarako
elkarretaratuko dira azaroaren 14an Friburgon, Elgorriaga atxilotu zutenetik haren alde mobilizatu diren alemaniarrekin batera.