Mariasun Quiñones: "17 urte adin ona da Lehen Mailara iristeko eta ikasten jarraitzeko"
Igandean, Lehen Mailako aurreneko derbi gipuzkoarra jokatuko dute Realak eta Oiartzunek Zubietan. Partida berezia eta oso zaila izango dela ziurtatu du txuri-urdinen atezain hondarribiar gazteak.
Igande goizean derbia izango da Zubietan, Realaren eta Oiartzunen artean. Partida berezia izango da, ez?
Bai, bai. Denak pixka bat urduri gaude, azken finean duela hiru bat aste beraien aurka jokatu genuen, baina lagunartekoa izan zen, eta beno, tentsioa nabari zen, baina igande honetan hiru puntu jokoan egonda, beste zerbait bat sumatuko dugu.
Txikitan futbolean hasi zinenean pentsaezina izango zen horrelako zerbait, Reala eta Oiartzun Lehen Mailan…
Bai zera! Realak duela hamar urte atera zuen taldea, ez dakit, Bigarren Mailan egongo zen ni hasi nintzenean… ezta pentsatu ere egin Lehen Mailan egongo zirenik Reala eta Oiartzun… eta ni hor egongo nintzenik…
Zu Realeko atezain bezala, eta jokatzen.
Bai, lehengo urtean poliki-poliki partidak jokatzen hasi nintzen, eta aurten badirudi entrenatzaileak niregan konfiantza hartu duela. Hor gabiltza.
Noiz hasi zinen futbolean?
Beti gustatu izan zait futbola, baina talde batean sartu nintzen [pentsakor], 12 urterekin edo. Mariñora [Irungo kluba] joan ginen —ahizpa Nekanerekin, bikiak dira— eta entrenatzen uzten ziguten bakarrik; orduan soilik nagusien taldea zeukaten. Hondarribian justu urte hartan nesken taldea atera zuten, eta gu hasi ginen. Pare bat urte egon ginen Hondarribian eta gero Mariñora itzuli ginen.
Kirolzalea izan zara beti. Judoan ere aritu zinen.
Judoan txikitatik ibili naiz, bospasei urtetatik, gurasoek apuntatuta —Ama Guadalupekoa klubean—. Judoak balore batzuk erakusten ditu, futbolean ere garrantzitsuak direnak, lankidetza, talde lana, judoak hori asko sustatzen du, garrantzitsua da judoan. Badmintona, saskibaloia… denetarik egin dut.
Judoka ona zinen gainera.
[Barre egin du] Nire ahizpa gehiago.
Euskadiko txapelduna izan zinen, bada.
Bai, eta gero Espainiakoan zazpigarren postuan geratu nintzen. Baina ahizpa hobeagoa izan da alor horretan. Nekane hobea izan zen, dudarik gabe. Espainiako txapelduna —Kadete Mailan, -70 kiloetan—, Italian ere koparen bat irabazi zuen…
Futbolean posizio desberdinetan jokatzen duzuenez zaila da esatea zein den hobea…
Bai, desberdina da, bera jokalaria da, ni atezaina.
Realak zu fitxatu arte elkarrekin jokatu duzue beti, judoan ere elkarrekin. Arraroa egingo zaizu orain?
Bai, leku guztietan ibili gara elkarrekin eta orain nabaritzen da ez gaudela. Lehen etxera itzuli eta zer egin genuen komentatzen genuen biek. Orain, komentatu ordez, galdetzen dizu, ‘zer moduz joan da?’. Igandero berak ere partidak dauzka, ia-ia ordu berean jokatzen dugu, eta ezin dugu batak bestearena ikusi.
Alegia, [burua makurtu du], lehen dena elkarrekin egin eta orain ezin partidak ikusi, unibertsitatea, entrenamenduak arratsaldero eduki… Pena bat da nirekin ez egotea baina, bera ere poztu egin zen, normala den bezala, eta pentsatzen dut berak ere gauza handiak lortuko dituela.
Mariñotik Realera. Alde handia dago kluben artean?
[Azkar erantzun du] Guztiz, bai, bai. Tratamendutik hasita, entrenatzaileen ikasketak, formatuagoak dira. Instalazioak, fisioterapia, medikuak, igerileku hotza eta beroa kontrasteak egiteko. Zelaietan, pila bat zelai ditugu… Azkenean hori guztia nabaritzen da.
Gaztea zara. 18 urte dituzu oraindik, eta 17 urterekin fitxatu zenuen Realarekin. Normala al da hain gazte jokatzea Lehen Mailan?
Egia esan gure taldean gazteak gara bai, baina eskarmentua badugu. Hamazazpi urterekin iristea… bai gaztea zara, baina pentsatzen dut adin horretan esperientzia hartzen joan behar duzula, eta agian adin ona da Lehen Mailara iristeko eta ikasten jarraitzeko.
Gogoratzen al duzu Lehen Mailan debuta egin zenuen eguna?
Bai, Bartzelonan izan zen, Espanyolen kontra. Banekien jokatu behar nuela, entrenatzailearekin hitz egin nuelako; beste atezainak konpromiso pertsonalak zituen eta berandu iritsi zen kontzentraziora. Entrenatzailearekin hitz eginda lasaitzen zara, hasieran, baina partida gogorra izan zen, 2-2 gelditu ginen, eta oso-oso urduri nengoen. Lasaitzen saiatzen nintzen baina… talde desberdina, jokalari desberdinak, bai, beraiekin entrenatzen duzu, baina jokatzea ez da gauza bera, eta gainera atezaina izanda, azken jokalaria. Baina beno, ez zen emaitza txarra izan. Polita, polita izan zen, Bartzelonan, gainera, nire izeba bat joan zen ikustera, eta babes hori eskertzekoa da.
Aurten atezain titularra zara. Neurria hartu al diozu Lehen Mailari?
Bai, beno, horretan gaude. Lehenengo urtean ja bastante partida jokatu nituen eta horrek lasaitu nau. Ez da lehen urtea. Iaz Athleticen aurka jokatu nuen, Bartzelonaren aurka, Valentziaren aurka… pisu hori alde batera uzten duzu eta konfiantza gehiagorekin nator aurten, eta ikasteko gogo berarekin edo gehiagorekin.
Taldea bikain ari da. Bost partida jokatu, galdu gabe, lehen postuan Bartzelona, Athletic eta Atletico Madril taldeekin berdinduta. Uste baino hobeto agian?
Ez genuen ezer espero, partidaz partida joan gara, eta aurredenboraldian ez genuen pentsatzen non egongo ginen bosgarren jardunaldian. Pentsatzen genuen soilik lehen partida Albaceteren aurka zela, ea nola joango zen, nola antolatuko ginen, nola sentituko ginen, jende berri asko etorri delako.
Eta helburua, orain, horrela jarraitzea da. Igandean Oiartzunen kontra hiru puntuen bila joango gara, gero deskantsua dugu, eta Madrilera, Atletico Madrilen kontra jokatzera. Bitartean, ilusio handiarekin ari gara entrenatzen.
Oiartzun taldea ere ez dabil gaizki, lehen urtea maila gorenean eta taularen erdian daude, bi garaipen eta berdinketa batekin. Nolako taldea da Oiartzun?
Oiartzunek baditu jokalari asko Realean jokatu dutenak eta oso ondo ezagutzen dute Lehen Maila, eta nondik nora joan gaitezkeen. Zaila izango da derbia, hori ziurta dezaket. Esperientzia dute. Jende asko joango da ikustera, eta giroa behintzat, ederra izango da.
Oiartzun Lehen Mailan, Mariño Bigarrenean, eta badira oiartzuarrak eta irundarrak kanpoan jokatzen dutenak, Realean, Bartzelonan… Maila handia du emakumeen futbolak eskualdean. Zein arrazoi dago horren atzean?
Zonalde honetan emakumeen futbol arloan behintzat aukera onak izan ditugu, jokatzeko, ikusteko, parte hartzeko. Oinarri on bat izan dugu, dudarik gabe, eta horrek bere fruituak ematen ditu. Bigarren Mailan hemengo talde xume bat egotea [Mariño taldeagatik] gauza handia da, horretan ikusten da lan ona egiten dutela.


