Kosta Zuzendaritzaren aldeko iritzia behar du proiektuak aurrera ateratzeko. Oraingoz, Ura agentziak iritzi kontrajarria aurkeztu du pasabidearekiko.
Bidasoa_ibaiaren_ahoa
Jose Antonio Santano Irungo alkatea Madrilen izango da egunotan. Kosta eta Jasangarritasunaren Zuzendaritza Orokorrarekin bilera bat izango du, eta bertan, Behobian, Bidasoa ibaiaren gainetik igaroko den pasabidearen proiektua aurkeztu eta defendatuko du.
Izan ere, Kosta Zuzendaritzak horren aldeko iritzia eman behar du proiektua gauzatu ahal izateko. Oraingoz, Ura EAEko uraren agentziak iritzi kontrajarria agertu du bi txostenetan. Ura bi alorretan mintzatu da. Batetik, Urak konpetentzia duen atalean, mendekotasun guneari dagokiona, Kosta zuzendaritzak jabetza publikoaren okupazioa ematearen zain dago erabaki bat hartzeko. Haatik, jabetza publikoko gunearen okupazioari dagokionez, proiektuaren kontra azaldu da Ura. Hala ere, udalak esan du hori ez dela bere konpetentzia.
Santanoren iritziz, proiektu hau “ez da batere agresiboa, eta legedia ezberdina izan arren, ibaiaren beste aldean egin da, eta Kosten Gipuzkoako ordezkaritzak ez du arazorik ikusten”. Udalak gogorarazi du aurrekontu parte hartzaileetan herritarren babesa jaso zuela pasabideak.
Obretarako Eusko Jaurlaritzak milioi eta erdi euro bideratu ditu. Lana, ordea, uste baino gehiago atzeratzen ari direla ikusita, kopuru hori 2016ko aurrekontuetara eramateko tramiteak egiten ari da udala.