Mugaz gaindiko ikerlariek eta erakundeetako arduradunek klima aldaketaren gaia izan dute hizpide bi egunez Irungo Ficoban, Aztik antolatutako Uhinak biltzarrean.
Uhinak olatua
Klima aldaketak euskal kostaldean izan ditzakeen ondorioez mintzatu dira Ficoban
Joan den asteburuan hogei lagun hil ziren Okzitaniako Kosta Urdinean uholdeen eraginez. Alerta emanda zegoen, baina espero zena baino askoz euri gehiago egin zuen. Hiru orduko epean 195 metro kubo euri bota zuen eskualdean eta kalteak oso handiak izan ziren. Mandelieu-la-Napoulen zortzi lagun hil ziren itota, Vallaurisen familia bereko hiru, beste hiru Braguen, Cannesen bost… Guatemalan luizi batek ehundik gora hildako eta ehunka desagertu uzteak ez gaitu harritzen, baina zaila egiten da sinestea eskualde garatu batean eguraldiak gaur-gaurkoz halako triskantza eragiteko gaitasuna duenik.
Klima aldatzen ari da, eta ondorioak begi bistakoak dira. Aldaketa hori nolakoa izango den, eta aurre egiteko zer neurri hartu behar diren aztertzeko, hainbat aditu elkartu ziren astearte eta asteazkenean
Ficoba erakustazokan,
Azti-Tecnaliak eta Ficobak berak antolatutako
Uhinak, klima aldaketa eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko lehen kongresua–n.
Orotara, 21 ponentzia aurkeztu zituzten kongresuan, klima aldaketaren gaia ertz ugarietatik landuz. Hala, aldaketa klimatikoak naturan eta gizakiaren jardueretan eragiten dituen ondorioak eta eragingo dituenak, eta horiei aurre egiteko estrategiak lantzen dituzten ikerketak ezagutarazteko balio izan zuen biltzarrak, baita gai horietaz eztabaidatzeko ere. Izan ere, Uhinakek jarraipena izatea nahi dute Aztik eta Ficobak, eta bi urtean behin errepikatzeko konpromisoa agertu dute.
Klima aldaketak muga administratiboak aintzat hartzen ez dituelako erabaki zuten mugaz gaindiko kongresua antolatzea, Euskal Herriko eta Akitaniako kostaldeen gaineko ikerketak eta erakundeetako arduradunak mahai berean eseriz. Adolfo Uriarte Aztiko Itsas Ikerketako atalaren zuzendariaren arabera, gaiaren larritasunak eskatzen zuen jardunaldiak antolatzea: “Egungo testuinguruan, zaila zen Uhinak bezalako kongresu bat antolatzea, ekitaldi asko egiten baitira itsasoari lotuta, baina unea zen klima aldaketari modu serioan ekiteko”.
Bortitzagoak eta gehiago
2014ko enbata multzoek kostaldea ahuldu zuten
Aste gutxi barru bi urte beteko dira 2013-2014ko neguko denboraleak Kantauri itsasoko ertza kolpatzen hasi zirenetik. Pedro Liria Azti-Tecnaliaren Itsas Dinamikaeta Ozeanografia Operazionaleko ikerlariaren esanetan, baina, enbaten ezaugarriak kontuan izanik, ez ziren hamarkadako denborale bortitzenak izan, nahiz eta kalte gehien sortu. “Itsasoan, olatu handiagoak eragin dituztenak eta energia handiagokoak izan ziren, baina itsasertza bortizkien kolpatu zuena 2014koa izan zen”.
Liriak argituz zuenez, 2008ko martxoaren 11koa itsasoan askoz handiagoa izan zen, eta horixe ikertu zuen Aztik
K-Egokitzen izeneko programaren barruan, Euskal Kostaldeko Uholdeen Atlasa sortzeko. Hala, 2014koak balio izan zuen ikerketaren baliagarritasuna berresteko, eta etorkizunari begira, arrisku eremuak zeintzuk diren zehazteko. Nolanahi ere, zuhur mintzatu zen Liria Uhinaken, “oso zaila baita denborale batek leku bakoitzean izan dezakeen eragina aurretik jakitea”. Horregatik, itsaso zabalean denboraleak aztertzea oso garrantzitsua dela deritzo, modu horretara bakarrik uler baitaiteke kostaldera iristen diren enbaten portaera.
2014ko enbaten ondorioak ulertzeko, aurreko bi denboraleak hartu behar dira kontuan. Urtarriletik kostaldera iritsitako ekaitzek babesak ahuldu zituzten, hareatzak hondarrez hustu eta duna fronteak atzeratu, besteak beste. Frantziako Baliabide Geologiko eta Mineralen Agentziak (BRGM) ia hogei urte daramatza Akitaniako kostaldea zaintzen eta ikertzen. Cyril Malletek 2014ko denboraleak aztertu ditu, eta bat dator errepikapenak izan zuen garrantziarekin: “2013ko abendutik 2014ko apirila artean 20 denborale iritsi ziren Akitaniako kostaldera”. Bere hitzaldian hareatzek eta dunek enbatei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu zuen, baina adibide batekin azaldu zuen 2014ko denboraleen bortizkeria: “Petit Nice hondartzan —Arcachon hegoaldean, Pilako dunaren inguruan— harearen maila bi metro eta erdi jaitsi zen”.
Malletek eta Liriak bezala, Uhinaken euren lanak aurkeztu dituzten hainbat ikerlarik nabarmendu dute muturreko fenomenoak ugarituz eta indartuz ari direla. Gauzak horrela, 2008ko martxokoa bezalako ekaitza perfektu batek 2014koa bezalako kostalde ahuldu bat erasotuz gero, hondamendia askoz handiagoa litzateke.
Itsas mailaren gorakada
Muturreko fenomeno meteorologikoak ez dira klima aldaketak euskal kostaldera ekarriko dituen ondorio bakarrak. Fenomeno horiek sor ditzaketen balizko kalteak askoz handiagoak izan daitezke beste baldintza baten erruz. Izan ere, negutegi efektuaren eraginez poloetako izotza urtzen ari da, eta itsasoaren maila handitzen. Azken ikerketen arabera, mende bukaerarako 29 eta 49 zentimetro igo daiteke itsas maila euskal kostaldean.
Hondarribiko aireportua ur azpian gera liteke mende bukaera baino lehen
Alejandro Cearreta EHUko paleontologoaren taldeak azken 8.500 urteetako itsas maila zehaztu du geologiaren bitartez, eta asteartean jakinarazi zuenez, “1920an hasi zen itsas mailaren hazkundea. Egun, urteko 2 milimetro hazten ari da, gutxi dirudi, baina azken 7.000 urtean baino sei aldiz azkarrago ari da hazten”.
Azti-Tecnaliako Itsas Ikerketa Lantaldeak ere arreta jarri du itsasoaren gorakadan. Ainhoa Caballerok argi du: “Oso garrantzitsua da eskualde bakoitzean itsas mailak izango duen portaera ezagutzea”. Eta hori da lankideekin
K-Egokitzen proiektuaren bidez ikertu dutena, eta ondorioak latzak dira: “Mende bukaeran euskal kostaldeko 250 hektarea ur azpian gera daitezke, %45 hiri lurrak”. Biltzarrerako prestaturiko diapositibetako batean Hondarribiko aireportua azaltzen zen; Aztiren kalkuluen arabera, “ur azpian geratu daiteke, neurriak hartu ezean”. Itsasoaren maila uneoro zaindu behar dela uste du Aztikoak, “monitorizazio sareak sortu, behin eta berriro kalkulatu, inpaktuak aurreikusteko”.
Klima aldatzen ari da. Aste honetan Ficoban elkartu diren adituek abisua eman dute, muturreko fenomenoak ugarituko dira, eta bortitzagoak izan daitezke hurrengo hamarkadetan. Neurriak hartu beharko dira, eta batez ere adi egon, itsasoari eta zeruari kasu egin, etorriko zaiguna uhinetan idatzita baitago. Irakurtzen jakin behar.