Aspakenako militante internazionalisten kontrako epaiketa salatzeko, hamarnaka lagunek bat egin dute Irunen
Herri epaiketa egin dute gaur eguerdian, San Juan plazan
Hilaren 19an Askapenako bost militante internazionalisten aurkako epaiketa hasiko da Madrilen. Sei urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko diete militanteek. Haiekin batera, Askapena erakundeak, Elkartruke elkarteak, Herriak Aske elkarteak eta Askapeña jai konpartsak ilegalizazio eskaerari aurre egin beharko diote.
Aipatutako erakunde eta militanteekin elkartasunean, herri epaiketa egin dute gaur eguerdian Irungo San Juan plazan “espainiar estatu inperialistaren kontra” eta errudun jo dute estatua, “Saharan duen arduragatik, NATOko kidea izateagatik, Latinoamerikako baliabide naturalak ustiatzeagatik eta Estatuaren barruan bizi diren nazioei autodeterminazio eskubidea ukatzeagatik”.
Plazan bildutakoen aurrean, Irungo alkateak Askapenarekin zein auziperatuekin elkartasunean mozioa aurkezteko tramitea ukatu izana salatu dute. “Eztabaida ukatzeak ez dio mesede egiten eskubide zibil eta politikoen defentsari”, esan dute, eta Santanori dei egiten diote jarrera alda dezan.