Cespedes eta Silanes, Arma Plazan
Arma Plaza Fundazioak Ezagutu zure hiria programari jarraipena emango dio bihar ostirala. Gaur Arma Plaza Interpretazio Zentroan egin den aurkezpenean Kalixa Silanes Kultura zinegotziak azaldu duenez, “Hondarribiko ondare aberatsa bere hiritarrei gerturatzeko helburua” du programak, eta neguan abiatu zuten. Berrikuntza bezala, hitzaldiak eta bisita gidatuak uztartuko dituen zikloa antolatu dute martxora arte.
Valentin Cespedes genealogista eta heraldista madrildarrak hasiko du udazkeneko hitzaldi sorta. Bihar, ostiralez,
Hondarribiko heraldika. Hiria deskubritu armarrien bitartez goiburuko hitzaldia emango du Arma Plaza Interpretazio Zentroan, gaztelaniaz, 19:00etatik aurrera. El escudo de
Hondarribia, evolución de las armas de Fuenterrabía a través de los sellos liburuko egilea da Cespedes.
Eta larunbatean bisita gidatua egingo dute hirigune historikoan, Cespedesek berak gidatuta. 11:30ean abiatuko dira Arma Plazatik. Bisita ere gaztelaniaz da eta izena ematea ezinbestekoa. 943 64 46 23 telefono zenbakian egin daiteke, edo
mailez.
Gaurko aurkezpenean, “Hondarribia bizirik dagoen heraldika museoa” dela adierazi du madrildarrak, eta Gasteizko Heraldika Museoarekin parekatu du, ñabardura batekin, Gasteizkoa itxia dela, eta Hondarribikoa irekia: “Alde Zaharra heraldika museoa da, baina bizia, bertan bizi diren pertsonekin uztartzen dena”. Cespedesen ustez “herritarrak batzuetan ez dira daukatenaren kontziente”, eta
Ezagutu zure hiria programa ondarea herritarren artean zabaltzeko tresna egokia dela iritzi du.
Abenduan, Hermandadea
Ezagutu zure hiria programa martxora arte behintzat luzatuko da eta dagoeneko landuko diren hurrengo bi gaiak ezagutarazi ditu Silanesek. Azaroaren 5ean eta 7an San Juan de Dios eskultura landuko dute, eta abenduaren 10ean eta 12an Arrantzaleen Hermandadea izango dute hizpide.