Hilaren 18ra arte dago aukera zabalik izena emateko. Neskei dei berezia egin diete apunta daitezen. Bidasoko Hitza.
Eskola Kiroleko saio bat, artxiboko irudian
Eskola Kirola, hezitzen duen kirola leloarekin, gaur aurkeztu dute hiriko Eskola Kirolaren sasoi berria. Lehen datu garrantzitsua: egitasmoan izena emateko epea hilaren 18an bukatuko da. Behin izena emandakoekin taldeak osatu ondoren, urriaren 1ean hasiko dira partidak, maiatzaren 31ra arte. LHko 3, 4, 5 eta 6. mailako haurrei dago zuzenduta, eta partidez gain, astean ordubeteko bi entrenamendu egin beharko dituzte partaideek. Izena Irungo ikastetxeetan, kiroldegietan, HAZ bulegoan edo
udalaren webgunean eman daiteke.
Iaz, 581 umek parte hartu zuten Eskola Kirolean, 45 talde osatuz, 33 kirol hezitzaileren gidaritzapean. Aurten, Josune Gomez Euskara, hezkuntza eta Gazteria ordezkariak agertu duenez, nesken partaidetza areagotu nahi dute, aurreko urteetan mutilekin alderatuz gutxiago izan direlako. Pedro Alegre Kirol ordezkariaren hitzetan, bestalde, egitasmoarekin haurrei kirol aniztasunerako eta bizitza aktiborako aukera ematen zaie.
Kirol aniztasuna bermatze aldera, erraketa kirolak, atletismoa, igeriketa, pilota eta errugbia daude aurtengo eskaintzaren barruan, ohikoak dira futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain. Beste kirol batzuk sustatzeko saiakera ere egingo dela esan dute udal arduradunek. Ikasturte bukaeran, gurasoei zuzendutako jarduerak antolatuko dira.
Aurtengo berritasunen artean dago ere udala Gipuzkoako Kirol Egokitu Federazioarekin elkarlanean arituko dela Eskola Kirolan, dibertsitate funtzionala duten meen kirol praktika erraztuz.
Euskara eta kuotak
Euskara erabiltzeko esparru egokia da Eskola Kirola, Josune Gomez zinegotziak esan duenez, ekintza guztiak euskara hutsean bideratzen baitira: “Euskararentzat gune naturalak eta atseginak berreskuratu nahi ditugu, eta kirola da, zalantzarik gabe, horietako bat”.
Programan jarduteko kuota 121 eurokoa da; diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei 30 euroko kuota berezia aplikatuko zaie. Bietan bi txandatan ordainketa egiteko aukera dago.