Aurten ere plastiko eta kartel beltzek Kale Nagusia ilundu duten arren, txilibitu, danbor eta hotsen artean desfilatu du Jaizkibel konpainia parekideak.
Jaizkibel konpainiako abanderatua, Santa Maria arkutik sartzen
Irudiak iazkoa zirudien. Plastiko beltzak Kale Nagusiko bi espaloietan, behetik gora, Santa Maria atetik Arma Plazaraino. Kolore bereko dozenaka kartel letra zuriz ‘Betiko Alardea’ idatzita zutenak. Ezer aldatu ez dela zirudien. Baina Jaizkibel konpainiako abanderatuak aldapan gorako bidea hasi duenetik bertatik nabaritu da aldea. Oihurik ez, txisturik ere ez, ezta kasko gorririk bazterretan, ertzainek aurpegia erakutsiz zaindu baitute aldapa.
Garikotz Lekuonaren Jaizkibeleko kidearen ustez, “ertzainak kasko gabe, aurpegia erakutsiz egoteak lagundu du tentsioa jaisten”. Halaber, emakumeak Hondarribiko Alardean soldadu gisa lehen aldiz desfilatzen saiatu zirenetik giro lasaiena bizitu dute gaur eta konpainia murru kanpora atera den arte ez dute Alarde tradizionalaren defendatzaileek euren haserrea oihuz adierazi. Segurtasun Sailak aurten izan duen jarrera txalotu du Jaizkibelek, eta hori ere ez da ohikoa.
Ez oihurik, ez txisturik, txilibitu eta danbor hotsen artean desfilatu du Jaizkibelek, plastikoen aurrean jarri diren zaleen txalo artean. “Isiltasun horrek asko lagundu” egiten duela aitortu dute konpainia parekideko arduradunek. Gainera, plastiko gutxiago egon izana nabarmendu du Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kapitainak: “Aurten Kale Nagusian bakarrik egon dira plastikoak, beste inon ez”.
Jaizkibel, udaletxe paretik desfilatzen
Foru aldundiaren hutsunea
Azken lau urteetan ez bezala, aurten ez da diputazioko ordezkaririk izan konpainia parekideari harrera egiten. Markel Olano ahaldun nagusiak aurreratu zuen ez zutela ordezkaritzarik bidaliko. “Gu han egoteak tentsio maila igotzen lagunduko luke”, esan zuen Olanok. Aldiz, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Julia Hernandez jarduneko Arartekoa udaletxeko arkupetan izan dira, eta EH Bilduk ordezkaritza zabala eduki du bertan. Udalean dituen bi zinegotziekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozemaile Xabier Olano egon da, besteak beste.
Udalean bigarren indarra den Abotsanitzeko ordezkariek, aldiz, elizaren kanpoaldean agurtu dute konpainia parekidea, eta bertan geratu dira Jaizkibelek Kale Nagusia utzi duenean, beste alderdietako zinegotziekin batera Alardeari harrera egiteko. Jaizkibelek ibilbidea egin duenean ondoan alderdi popularreko hautetsia izan dute Abotsanitzeko kideek, konpainia parekidearen aurkako jarrera kartel batekin adieraziz.
Konponbidea, udaletik
Jaizkibel konpainiako arduradunak pozik azaldu dira Sainduako ermita inguruan goizeko ibilbidea bukatu dutenean, aurten inoiz baino lasaiago desfilatu baitute. Gainera, herritarrengandik keinu asko izan direla goraipatu du Larruskainek, eta horretan ere aldaketa nabaritu dela adierazi du. Nolanahi ere, ezin izan dute Alardean parte hartu eta Lekuonak udalari deia luzatu dio, “konponbiderako zubiak” eraiki ditzan: “Jaurlaritzak egin zuen inkestan argi geratu zen herriko gehiengoa elkarbizitzaren alde dagoela. Beste gauza bat da hori nola konpondu, eta horretara iristeko zubiak behar dira, eta gertuen dagoen erakunde bezala, udalak berez berdintasunari begira neurriak hartzeko betebeharra du, baina are gehiago gatazka baten aurrean elkarbizitza sustatze aldera. Lidergo hori da falta dena eta aldarrikatzen duguna”.
Abotsanitzeko hautetsiak, eta PPkoa, parrokian
Jaizkibeleko kapitainak ere eskatu du udalaren inplikazioa: “Arazo handiena da Alardea lapurtu egin zaiola herriari, Alardea herriari bueltatu behar zaio eta medio guztiak jarri behar dira hori konpontzeko. Hori eta gero sartuko ginateke gu Alardean. Udalak izan behar du hori bideratu behar duena, hitz eginez eta espazioak bilatuz”.
Hondarribiko alkate berriak, Txomin Sagarzazu jeltzaleak ez dio harrerarik egin konpainia parekideari, baina kazetarien galderei erantzunez, Larruskainek onartu du alkate berriarekin hitz egin dutela: “Gaur ez, baina aurretik alkateak hitz egin izan du gurekin, eta hori guretzat bada zerbait”. Ordea, diputazioko ordezkaritzarik falta izana kritikatu du Larruskainek.