Wheels & Waves 2015 jaialdia egingo dute ostegunetik igandera Biarritzen. Ostiral arratsaldean Hondarribira gerturatuko dira, Jaizkibelen garai bateko motoekin lasterketak egiteko. Ondoren Portura jaitsiko dira eta kontzertua izango dute San Pedro kalean.
Paradore zahar inguruan egingo dituzte lasterketak
Moto zaharrak eta surfa, surfa eta moto zaharrak, pasio bi horiek dituzten 2.000 lagun elkartuko dira ostegunetik igandera
Wheels & Waves 2015 (Gurpilak eta Olatuak) jaialdian. Ostiralean surf taulak Biarritzen utzi eta Hondarribira hurbilduko dira, eta arrastoa utziko dute Jaizkibelen eta Portuan. Besteak beste, Harley Davidson, Yamaha edota BMW-ko zuzendari nagusiak egongo direla adierazi digute antolatzaileek.
Arratsaldez Jaizkibelen elkartuko dira, 14:00etatik 17:00etara, lehengo paradorearen inguruan. Bertan, hainbat lasterketa burutuko dituzte eta nahi duenak aukera izango du 1930.eko hamarkadatik 70.ekorako moto ikusgarriez gozatzeko. Hori bai, 10:30etik errepidea itxita egongo da. Hortaz, oinez igo beharko da Jaizkibelera.
Probak amaituta Portura jaitsiko dira sari banaketak egiteko. Kaskoa kentzeko parada izango dute San Pedro kalean, Temblores herriko rock taldearekin tximak astintzeko. Bitartean, motoak erakutsiko dituzte San Pedro kalean bertan eta Butroi pasealekuan. 2.000 moto guztira ikusi ahalko dira Wheels & Waves jaialdiak ostiralean Hondarribira egingo duen bisitan.