Proko Gomezek (Irabazi Irun) gizarte justizian oinarritu du "Irunek behar duen aldaketa"
Lehenengoz aurkeztuko da Irabazi Irun koalizioa hauteskundeetara. Zerrendaren barruan Ezker Anitza, Equo, Alternativa Republicana eta independenteak daude, eta haien zerrenda “hiritarren kandidatura” bezala definitu dute. Zerrendaburua Proko Gomez da, eta hiru galderari erantzunez, Irunerako dituzten asmoen eta hainbat gairen gaineko gogoeta egin dio HITZAri.
Zein proposamen ditu Irabazi Irunek Irun hobetzeko?
Hiritarrekin kontratua proposatzen dugu. Kontratu horretan aldaketarako oinarriak ezarri behar dira, gardentasuna eta parte hartzea funtsa izanda, gizarte justizia eta iraunkortasuna helburu. Konpromisoak daude gure programan, neurri zehatzak, indikatzaileak, eta kontuen errendimenduak. Gure kode etikoa gardentasun bermea da.
Udaletik hiritar aktiboak izateko lan egingo dugu, Irun aldatzeko. Eta aldaketaren bidea da edukitzea gizarte justuago bat, elkartasunez betea, eta iraunkorra: berdintasun aukera errealak dituena, gizarte justizia bermatzen duena, gizarte gastuan inbertsio handiagoa egingo duena eta ez behar ez diren gauzetan, giza eta animalien eskubideen defendatzaile izango dena, ingurumenarekin errespetua izango duena, eta sortzen duen aberastasuna berdintasunean banatuko duena. Etxe kaleratzerik gabeko gizarte bat nahi dugu, etxebizitza eskubidea bermatzen duena, eta lan duina ziurtatuko duena beti ere berdintasunean. Eta aldaketaren bidean emakumeek garrantzia handia izango dute.
Herritarren parte hartzeaz asko hitz egin da azken legealdian. Baina zure ustez, udaletik hartzen diren erabakietan zein funtzio bete behar dute herritarrek? Hau da, zein da zuen herritarren parte hartze eredua?
Gure etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko herritarrak oinarri izango dituen demokrazia parte hartzailea nahi dugu. Administrazio ireki era gardena behar dugu, herritarrengandik hurbilekoa. Baina bermatu behar dugu herritar horiek gaitasuna izatea planifikazio nahiz hiritar gestioetan parte hartzeko.
Eta gardentasuna horrela planteatzen dugu: hiritarren parte hartzerako kontseiluak eginaz, gai erabakiorretan galdeketa lotesleak eginaz, aurrekontu parte hartzaileak hasieratik landuz, herritarrek udal kudeaketaren kontrola eramateko neurriak jarriz, sektorekako kontseiluak bultzatzeaz gain horiei edukia emanaz, eta horiek erabakitzeko gune bihurtuz. Gainera, gizarte mugimenduen eskubideak eta egitekoak ondo definitu behar dira, baita parte hartze prozesuetan izan nahi duten elkarte eta norbanakoenak ere.
Gipuzkoa mailan langabezia tasarik handienetakoa du Irunek. Zein neurri planteatzen dituzue hiria ekonomikoki eta enplegu arloan suspertzeko?
Gure esku dagoen guztia egin behar dugu enpleguaren suntsipena gelditzeko eta gure hiriko herritarrentzako enplegua bilatzeko bidea errazteko. Lan duina eta kalitatezkoa eskubidea da, eta negoziazio kolektiboa erreferente da gure programan.
Lan justu eta iraunkorra bultzatuko dugu auzoetan eta eraikinetan birgaitze lanak eginaz, betiere energia efizientzia bilatuz eta irisgarritasuna bermatuz. Gainera, langile publikoentzako 35 orduko astea proposatzen dugu, soldatan murrizketarik gabe. Eta udaletik kontsumo, komertzializazio eta energia produkzio kooperatibak bultzatzea dugu helburu. Adinekoen zaintzaren sektorea indartzen ari da, eta horretan lana sustatzen ere jardungo dugu.