Hondarribiko Kai Zaharra jatetxeko Josu Carrion sukaldariak Gipuzkoako Bakailao Pintxoen I. Txapelketa irabazi du eta Gran Sol hirugarren geratu da. Euskaraz ez du lekurik eduki erakunde publikoek lagundu duten txapelketan.
Josu Carrion izan da bakailao pintxorik onenaren egilea
Hondarribiko Kai Zaharra jatetxeko Josu Carrion sukaldariak Gipuzkoako Bakailao Pintxoen I. Txapelketa irabazi du. Baseclick enpresak antolatu du eta Bacalao Saborealo Bidasoko bakailao enpresen taldearen babesa izan du. Bigarren tokian Donostiako Aratz erretegiko Xabier Zabaleta geratu da eta hirugarren beste hondarribiar bat, Gran Soleko Mikel Muñoz.
Asteburuan egin zuten sari banaketa Irunen, eta Carrionek txapela, oroigarria eta 500 euroko txekea jaso zuen. Hondarribiarrak bere lan taldeari eskaini zion saria: “Poza handia ematen digu sariak, egindako lana, eguneroko esfortzua konpentsatzeko balio baitu, nirea eta nire lan talde osoarena”.
Lehen urtean 40 taberna eta jatetxek eman dute izena, eta hamar egunez bakailaoa osagarri nagusi duten pintxoak prestatu dituzte. Txapelketako lehen ekitaldia izan da, baina antolatzaileen arabera, “jarraitzeko” asmoa azaldu dute. Helburua, “bakailaoaren kontsumoa handitzea da, produktu indartuko duten sorkuntzen bitartez”.
Bakailao pintxo txapelketako kartela
Euskara, dastatzeko ere ez
Gipuzkoako
Bakailao Pintxoen I. Txapelketa gaztelania hutsez antolatu dute. Txapelketaren izena ere hizkuntza bakarrean (Campeonato de Pintxos de Bacalao de Gipuzkoa) azaldu da komunikazio guztietan, nahiz txapelketako webgunean eta sare sozialetako kontuetan.
Txapelketa lagundu dutenen artean erakunde publikoak egon dira, hala nola, Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saila eta Eusko Jaurlaritza, Basquetour agentziaren bitartez.