Zerrendakideak, Palace tabernan
Hauteskude kanpaina hasteko astebete falta denean, Irungo EH Bilduk bere zerrenda aurkeztu zien ostegunean (apirilak 30) irundarrei. Palace tabernan egindako ekitaldi informalean zerrendako kideak nahiz hainbat herritar egon ziren.
Oinatz Mitxelena zerrendaburuak Irungo Udalean aldaketa emateko “alternatiba erreal bakarra” eurena dela esan zuen, “herri hau aldatzeko eta udalak duen funtzionamendua aldatzeko, hiriari haize freskoa eman nahi diogu”. Kanpainan zehar lan handia egingo dela ziurtatu zuen Mitxelenak, “eta helburua izango da aldaketaren ilusioa transmititzen jakitea, maiatzaren 24an ahalik eta emaitza onenak lortze aldera”.
Lohitzune Txarola Oarso Bidasoa barrutiko batzar nagusietarako EH Bilduren zerrendaburuak ere parte hartu zuen ekitaldian. Adierazi zuen duela lau urte abiatutako bidearekin jarraitu behar dela, “Irunen, eta nire kasuan, Oarso Bidasoa hautes barrutian. Oso garrantzitsuak dira hauteskunde hauek, badakigulako zein joko duten beste alderdiek: esan dute bat egingo dutela EH Bildu agintean dagoen udal nahiz erakundeetatik kentzeko. Horren aurka egin behar da”.