Irungo bandera, jaiak bitartean, hiriko balkoi batean
Bihar bukatuko da San Pedro eta San Martzial jaietarako kartel lehiaketaren lanak aurkezteko epea. Amaia KZn eman behar dira lan horiek, 09:30etik 12:00etara goizez eta 18:00etatik 21:00etara arratsaldez. Behin lanak jasota, bi gauza egingo dira maiatzaren 1etik aurrera: aurkeztu diren kartelekin erakusketa Amaian bertan, eta herritarren bozketa.
Herritarren bozketa bi fasetan egingo dute. Maiatzaren lehen egunetik 8ra onartuak izan diren lan guztien artean botoa emateko aukera izango dute irundarrek. Ondoren, maiatzaren 12tik 17ra, lehen fasean boto gehien lortu dituzten zortzi kartelen artean erabaki beharko dute herritarrek zein duten gustukoen. Bi faseetako bozketak
udalaren webgunearen bidez, edo Amaian bertan jarrita egongo den ordenagailu baten bidez egin ditzakete herritarrek.
Bi faseetan pertsona bakoitzak kartel bati soilik eman diezaioke botoa. Parte hartzaileek 16 urtetik gora izan beharko dute eta Irunen erroldatuta egon (NANa edo beste edozein dokumentu ofizial eskatuko da bozketarako). Botoa ematen dutenen datuak udal erroldan dauden datuekin alderatuko dituzte.
Kartel irabazleak 900 euroko saria jasoko du. Sari bakarra da.