Aurten 100 urte beteko ditu Real Union futbol taldeak. Hastapenetan indartsu, ondorenean apalago. Mendeurrena azken urteetako gorabeherak ahazteko bilgunea izatea nahi dute.
![Real Union taldea 1916an [Kutxa Fototeka/Ricardo Marin Funtsa]](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2015/03/real_union__1916.jpg)
Real Union taldea 1916an [Kutxa Fototeka/Ricardo Marin Funtsa]
Hasierak beti izaten dira latzak. Baina Real Unionen kasuan, 1915ean sortu zenetik, ez zen horrela izan, kirol mailan behintzat. 1915-1930 tartean Euskal Herriko talderik handienetakoa izan zen, Athletic eta Realaren tamainakoa, eta Real Madrilekin edo Bartzelonarekin parez pare lehiatzen zen. Tarte horretan futbol talde irundarrak hiru Espainiako Kopa irabazi zituen (1918, 1924 eta 1927an), Espainiako Ligaren sortzaile eta partaide izan zen 1929tik, eta bertatik, hainbat jokalari erreferentziazko pasatu ziren.
1930eko hamarkadaren hasieran profesionaltasuna iristen hasi zen futbolera. Eta 1915ean Irun Sporting Club eta Racing Club Irun —1913an Kopa bat irabazi zuen talde horrek— taldeen baturatik sortu zen indarra, ahultzen joan zen. Hamarkada horretako erdialdetik aurrera, behe mailetan lehiatzen izan da Union, batzuetan gorago, besteetan beherago, beti umil.
Hori guztia antzinako historia da. Hurbilekoan, bi une dituzte bereziki gogoan zale txuri-beltzek: 2008ko azaroaren 11, Real Madril taldea Santiago Bernabeu zelaian Kopatik kanporatu zutenekoa, eta 2009ko ekainaren 29a, Real Unionek Bigarren Mailara igotzea lortu zuenekoa; hurrengo sasoian jaitsi zen egun mantentzen duen Bigarren B Mailara, urte hartan Realarekin bat eginaz lehian, besteak beste.
Gorabeherak eta zaleak. Beti izan ditu gorabeherak Real Unionek, ekonomikoak batez ere. Horiek azken urteetan agertu dira nabarmenen, batez ere 2010eko udan taldeak Bigarren Maila galdu zuenetik azaleratu ziren, erakunde krisia ere sortuz. Eta zaleak. Beti izan ditu zaleak hurbil, Irungo ondareetako bat da eta, elkarterik handiena, belaunaldiz belaunaldi pasio txuri-beltza eskutik eskura emanaz. 100 urte beteko ditu abuztuaren 18an taldeak. Hori baliatuta, hirian sakonago txertatu nahi dute Unionen pasioa, atzera so eginaz, baina aurrerakoak gogoan.
Lehen taldea, Bigarren B Mailakoa, ondo doa. Ligan igoera kanporaketarako postuetan dago, eta Federazio Koparen finalean. Horrek lasaitasuna ekarri du taldera, eta mendeurrenera. Bihar emango dio udalak, 12:00etan, Irungo Urrezko Domina.
Presidentea, baikor
Pozik dago Ricardo Garcia Real Unionen presidentea. «Urteurrenagatik, eta taldea ondo doalako». Baina poztasun horren sakonean, haren ustez, kirol elkartea «lasaitasunera» iristen ari dela dago, «beharbada mendeurrenak eta azken hilabeteetako bilakaera positiboak horretan lagundu dute».
Elkartearen egoera orokorra ona dela esan du Garciak, «taldearen egitura argaldu dugu. Egun, boluntariotik gehiago dugu profesionaletik baino. Gauzak aldatu dira futbolean orokorrean, eta gurean. Gauza onak, erdipurdikoak eta gaitzak izan ditu taldeak historian, baita ni presidente naizenetik ere. Baina lana da guztia hobetzeko giltzarria».
«Egun, taldean, boluntariotik gehiago dugu profesionaletik baino»
«Beti egon da taldea oso errotuta Irunen, baina orain sustraiak sendoago daude»
Ricardo Garcia, Real Unionen presidentea
Mendeurrenaren harira, lana eta ilusioa hitzak esaldi berberean jarri ditu presidenteak, 100 urteen barruko ekitaldiak antolatzeko lan handia egin behar dela ziur delako: «esku asko behar ditugu laguntzeko». Aldi berean hiriko futbol talde nagusiarekin bat egiteko prest ikusten ditu irundarrak, «orain arte mendeurrenaren harira egin ditugunak arrakasta hutsa izan dira. Beti egon da taldea oso errotuta Irunen, baina ez dakit, orain sustraiak sendoago ikusten ditut».
Urtebetetik hona gauzak aldatu egin direla uste du Garciak, klubarekiko giroa lasaiagoa dela, ilusio gehiago dagoela: «Aurrekoan taldearen lehen bazkide txartelaren jabeak, Nicolas Agirrek, esan zidan hark ez duela ulertzen Irun Real Union gabe. Hori da filosofia. Joan liteke jende gehiago Galera partidak ikustera, noski. Baina mendeurrena baliatu behar dugu taldea hirira gehiago hurbiltzeko».
Ereserkia, elastiko berriak eta logotipoa, gala batean
Ficoban egin zuten mendeurrenaren aurkezpeneko ekitaldia, otsailaren 26an. Ereserkiaren musika Jose Luis Irastorzak egin du eta letra Angel Pazosek. Euskarazko bertsioa ere badu

Angel Pazos, ereserki berria abesten
Mendeurren bat ospatzeko beharrezko oinarrizko elementuak baditu Real Unionek: ereserki berezia, mendeurrenaren logotipoa, elastiko berriak, eta dokumentala. Logotiporako lehiaketa egin zuen taldeak, eta Jorge Vicentek irabazi zuen —Bidasoa eskubaloi taldearen 50. urteurrenaren logotipoa ere hark egin zuen—. Logotipoa kamiseta berrietan ageri da. Ereserkia, berriz, Jose Luis Irastorza maisuarena da, eta horren letra Angel Pazosek egin du gaztelerazko zatian, eta Elena eta Rosa Lopetegik euskarazkoan.
Otsailaren 26an Ficoban egin zen ekitaldiarekin eman zioten hasiera Unioneko kideek 100 urteen ospakizunei. Bertan, ekitaldien ardura daraman batzordeak egin nahi direnen berri eman zuen, eta gainera, ereserkia, elastiko berriak (mendeurrenaren logotipoarekin) eta dokumental berezia aurkeztu ziren: klubaren historia biltzen duen 20 minutuko dokumentala da, ETBko kazetari Naxari Altunak egina.
Ereserkia abesten, Luis Mariano orkestrarekin eta Jose Luis Irastorzaren zuzendaritzapean, Angel Pazos izan zen, letraren egilea. «Irastorzak egindako musikarekin bat egiteko letra egin dut, solemnea, maiestatetsua… Placido Domingok Real Madrilen mendeurrenerako egin zuena izan dut erreferentziatzat».
Letran, hitz zehatz batzuk sartu nahi zituen, «klubaren ezaugarri direnak», eta hala nola «
txuria,
beltza,
Sporting eta
Racing [bi talde horien baturatik sortu zen Real Union],
Irun,
Gal,
zaleak eta horrelakoak sartu ditut. Ezinbestekoak ziren horiek nire ustez, baita musikarekin uztartzea ere».
«Jendeari kantua gustatu zaio», esan du Pazosek, eta Lopetegi ahizpek euskarazko itzulpenerako egin duten lana goraipatu du, «ez da erraza ereserki batek behar duen tonua hartzea letrari dagokionez, hizkuntza edozein dela ere».
Mendeurrena, taldearen artxibo historikoa osatzeko aukera
Mendeurreneko ekitaldien artean, Real Unioneko agintarien asmoa da erakusketa bat egitea taldearen historian gertatu direnak modu erakargarrian irundarrei eta hala nahi duten guztiei azaltzeko. Horretarako herritarrei laguntza eskatu diete, etxean dituzten eta klubarekin harremana duten gaiak utz ditzaten. Erakusketan horiek nahiz taldeak dituenak jarriko lituzkete; ez dute esan oraindik noiz abiatuko duten erakusketa hori.
Taldeak Irungo Udal Artxibategiaren laguntza izango du zeregin horretan. Eta eman daitezkeen objektuen izaeraren mugarik ez du ezarri taldeak: «Denetik eraman daiteke, sarrerak, argazkiak, bazkide txartel zaharrak, elastiko zaharrak, ikurrak, ikus-entzunezkoak…».
Behin objektuak jasota, lehen helburua izango da horiek guztiak sailkatzea. Hori eginda euren jabeei itzuliko dizkiete. Erakusketa antolatzen denean, jabe horiei esango diete zein objektu behar diren, eta horiek uzteko eskatuko diete.
Horrela, klubaren azken helburua da artxibo historikoa osatzea, mendeurrenaren zifra biribila baliatuz.
Non utzi
Objektuak eta gaiak uzteko Galen taldeak duen bulegora joan behar dute interesdunek. Egitasmoaren gaineko informazio gehiago jaso nahi duenak 943 32 01 03ra dei dezake.
Gaiak utziko dituztenek taldearen «detaile» bat jasoko dutela esan dute klubeko kideek.
Castello, Unionen historian beste mugarria
Azken urteetan kirol arloan nahi ziren emaitzetatik urrun egon eta gero, 2014/15 sasoia onuragarria izaten ari da Unionen lehen taldearentzat. Ligan ondo badabiltza, Federazio Kopako bidea are hobeagoa da: finalean dago taldea.
Finalerdian Linares taldea kanporatu ondoren, Castello talde historikoaren kontra jokatuko du finala talde txuri-beltzak, joaneko partida apirilaren 9an (osteguna) Castalia zelaian, itzulikoa astebete beranduago Galen. Koparen irabazleak 90.000 euroko saria jasoko du, ohoreaz gain. Borondatez ematen dute izena taldeek lehiaketa horretan.
Iritzia:Mendeurrena, zertarako?
Unai Oiartzun (kazetaria, kiroletik.eus Behe Bidasoko kirolaren webgunearen arduraduna)
Futbola ikuskizun eta negozio den garaian, askotan galdetzen diote Stadium Galeko zaleari nolatan izan daitekeen Real Union taldearen jarraitzaile. Erantzunak beti izan ohi du harremana familiarekin, txikitan bufanda txuri-beltza jantzita aitona-amonen eskutik futbol zelaira joandako egunekin. Klubaren garai onenak ezagutu zituztenek belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dute zaletasuna. Kondaira bihurtu diren istorioen, edo anakroniko diruditen abestien bitartez.
Klubak bete duen mendearen lehen laurdenean, punta-puntakoko taldeekin lehiatu zen Real Union. Baita irabazi ere. Mendeurrenaren ospakizunak iragan hura gogoratzeko balio dezake. Baina elkarte apala izan da beti irundarra, eta dirua tartean sartu zenean, itzalera baztertu zuten. Zaleak argi izan du hori. Hala ere, harrotasunez eraman du behinola handi izandako talde txikiaren armarria. Batzuetan, arrakasta eta oihartzuna ez baitira sentimenduen oinarri. Hala pentsatu nahi dut, behintzat.
Dena den, harrotasuna ezin da handiuste bilakatu. Tamalez, noiz edo noiz gertatu izan da hori Stadium Galeko harmailetan, eta bulegoetan. Ondorio latzak utzi ditu. Real Union ehun urte betetzera helduko ote zen ere zalantzan egon izan da. 2015a iritsita, urte ilunak atzean gelditu direla dirudi. Neurri handi batean, lehen taldeak berdegunean eman duen irakaspenari esker. Umiltasuna eta lan gogorra dira Aitor Zulaikak zuzentzen duen taldearen zutabe nagusiena gaur egun. Batez ere, balio horiek berreskuratzeko erabili behar luke mendeurrena Real Unionek.