37 urteko irundar bat atxilotu dute bikotekidea jipoitzeagatik
Bikotearen etxebizitzan bertan atxiki zuen Ertzaintzak astelehenean, emakumearen deia jaso ondoren
Indarkeria matxista kasu berri bat izan da asteon Irunen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailetik Oarso Bidasoko Hitzari baieztatu diotenez iragan astelehenean jazo zen erasoa bikotearen etxean, jipoitutako emakumeak Ertzaintzari deitu ondotik. Poliziaren patruila bat hurbildu zen Pio XII plaza inguruko etxebizitzara arratsaldeko 15:00ak aldera. Bertan, bikotekideak bederatzi urteko alabaren aurrean iraindu zein mehatxu egin ziola eta lepotik heldu zuela berretsi zuen emakumeak agenteen aurrean. Zentzu berean, lehendik ere senarrak jipoitu izan duela aitortu zien ertzainei.
Erasotzaileak ertzainen aurrean onartu zuen emakumea jipoitu izana eta zuzenean eraman zuten komisariara Genero Indarkeria delitua egotzita. Berri agentziek jakitera eman dutenez atxilotua beste behin ere delitu berarengatik atxikia izan da.