Hilaren 14tik hiru hilabeteko antzerki tailerra egingo dute Hondarribian, gazte batzuren ekimenez. Hutsune bat bete nahi izan dute, eta iniziatibak erantzun handia izan du. 44 pertsonek eman dute izena eta ekintzaileak eta udala ados jarri dira denek tailerrean lekua izan dezaten.
Asteazkenean hasiko da tailerra. Helburua talde egonkorra sortzea da.
Duela urte gutxira arte ez, baina Portuan Itsas Etxea Auditoriuma inauguratu zutenetik, antzerkirako azpiegitura egokia badu Hondarribiak. Eta orain, Kultur Etxearekin, formatu txikiko edo ikusle gutxiagorako lanek ere izan dezakete euren tokia Alde Zaharrean. Gainera, Shakespeareren Stratford-upon-Avon izan gabe, herriak baditu antzerkirako balioko luketen berezko agertoki ederrak, Gipuzkoa plaza edo Santiago karrika kasu. Eta, biak maila berean jarri gabe, Hondarribian Alfonso Sastre bizi da, egun Euskal Herrian eta gaztelerazko dramaturgian dagoen egilerik handiena. Badira aktoreak, idazleak, eta ia kultura adierazpide guztiei lotutako izen handiko pertsonak biltzen dira bertan. Hori guztia hala izanik, ez al da arraroa antzerkirik gabeko Hondarribia?
Hori pentsatu zuen Myriam Jauregi Lazkanotegi gazteak orain urtebete, azpiegiturak bazirela, zaletasuna ere, baina horixe falta, ekimena, antzerki talde bat herrian: “Beste diziplina batzuetan aritzeko dagoen bezala, antzerkia egiteko ez zegoen aukerarik herrian”. Onartu duenez, berak ez du eskarmentu handirik, “behin
clown bezala aritu nintzen, hori baino ez”, baina zaletasuna badu, herrian talde baten beharra ikusten zuen, eta helburu hori lortzeko bidean laguntza eskatu zuen. Nekane Iza lagunarekin, ate joka hasi ziren biak. Kultura zinegotzi Txomin Sagarzazurekin hainbat aldiz elkartu ziren, eta honek proposamena ondo ikusi, eta laguntzeko prest azaldu zen. Hori bai, ezer baino lehen, eskaririk ote zegoen aztertzeko eskatu zien gazteei: “Interesatuen talde bat osatuz gero, lantegi modura edo proba pilotu modura abiatzeko planteamendua egin genuen”, azaldu du Sagarzazuk.
Jendeari galdezka, interesatuen zerrenda bat osatu zuten gazteek, eta zerrenda eskutan, tailerra egitea adostu zuten Sagarzazurekin; izena emateko epea ireki zuten Gabonetan. Taldea osatuz gero, —10-15 pertsonakoa zehaztu zuten—, hilaren 14tik hasita hiru hilabetez asteazkenero egingo lukete antzerki tailerra, arratsetan, zazpietatik bederatzietara Kultur Etxeko goiko pisuko areto batean. “Monitore hondarribiar batek bere burua eskaini zuenez, Kultur Etxean egiteko proposamena egin genien”, erantsi du zinegotziak. Hori, taldea osatuz gero.
Gaur eguerdian itxi da izena emateko epea eta hamar lagun ez, 44k eman dute izena eta ezusteko erantzun horrek, urjentziazko bilera egitera behartu ditu bi aldeak, ekintzaileak bestetik eta Kulturako arduraduna bestetik. Sagarzazuri bi talde egiteko aukera planteatu diote eta zinegotziak baiezkoa eman die. “Azken finean herriko kultur egile eta eragileen ekimenetan laguntzea da Udalaren helburua”, adierazi du zinegotziak. Hala, bi talde osatuko dituzte, 22 pertsonakoa bakoitza, eta asteazkenean bertan erabakiko dute taldeen osaketa nola egin, tailerraren lehen egunean.
Zuzendaria, herrikoa
Asteazkenean hasiko da antzerki tailerra, eta Edu Galarza izango da zuzendaria, hondarriarra bera ere. Madrilen urte batzuk eman ditu, eta antzerki diplomatura ikasi zuen han. Herrira itzuli aurretik hainbat lan txiki egin zituen (publizitatean, web serietan…) eta hilaren 14tik aurrera aukera izango du bere ezagutza herriko antzerki zaleekin konpartitzeko.
Galarzaren ustez, “lotsa eta ezagutza eza” dira orain arte Hondarribian antzerki talderik ez egotearen arrazoia, eta egoera horri buelta emateko “lotsa galtzeko” eskatu die herrikideei. Ikastaroan denetarik egongo da, bat ere esperientziarik gabekoak eta zer edo zer egin dutenak, horregatik klaseak oinarrizkoenetik hasiko ditu Galarzak: “Moldatzen joango naiz, ikasleen beharretara programa egokitzen”. Eta zein antzerki mota egingo duten ere ez daki, baina hiruhilabetekoaren amaieran antzezkizuna egingo dutela aurreratu du: “Proba bat izango da, bakoitzak ikasi duena erakusteko aukera, herritarrei erakusteko, eta euren buruari ere”.
Antzerki tailerreko bi arduradunak gogotsu daude datorren asteazkenean abiatuko den abenturarekin. Hasiera batean hiru hilabetekoa baino ez da izango, “baina herrian azpiegitura egokiak” daudela nabarmendu du Jauregik, eta talde egonkorra ez osatzea pena litzatekeela uste du. Deialdiak jasotako erantzuna ikusita behintzat, ez dira gutxi herrian hutsune hori bazela antzematen zutenak. Tailerrak egingo duen ibilbidea ikusteko dago, baina asko dira lotsa galtzeko prest daudenak. Orain, gauza bat baino ez da falta, oihala zabaltzea.