Herriari bizia ematen diote kaleetan dauden denda txikiek, herriko ekonomia bultzatzen dute, zerbitzu ona eskaintzen da herrian bertan, kalitatezko produktu eta zerbitzuak ditugu eta konfiantzazko arreta ere bai.
Hala ere, bultzadatxo bat eman beharra dagoela argi ikusi da, eta horretarako Itturri Merkatarien Elkartea bere bidea egiten hasi da. Merkatarien artean harremanak lantzen hasi gara. Horretarako gure zerbitzuen berri herritarrei ematen hasi gara sortu dugun web orriaren bidez. Bertan elkarteko kide garenon informazioa aurki dezakezue, eskaintzak, ordutegiak edota albisteak.
Bestalde, Udalarekin batera herrian bertan kontsumitzeko ohiturak bultzatzeko kanpainak egingo ditugu. Hala ere, ezinbestekoa da merkatariez eta Udalaz gain, herritarrak, alegia, kontsumitzaileak ere herriko merkataritza txikia bultzatzeko kontzientziatzea. Pentsa dezagun momentu batez: nork nahi du merkataritzarik gabeko herri batean bizi? Puntu horretara iristeko prest gaude?
Sortu dugun web orriaren bidez Oiartzungo komertzioen inguruko informazioa zabaldu nahi dugu, baita bertan kontsumitzeak dituen abantailak nabarmendu ere. Izan ere, denda txikiek herriko ekonomia sustatzen dute, herrian bizitza egoteko ezinbestekoak dira. Kanpora barreiatzen den kontsumo gaitasuna herrian geratzeak dituen onurak herritar guztientzat direla ulertu behar dugu, herrian duinki bizitzea herritarron kontsumo erabakien menpe baitago. Aurreiritzi faltsuekin ere hautsi nahi dugu, komertzio txikia garesti denaren mitoa baitago, eta konparatzen hasiz gero, oso maiz ikusiko dugu hori gezurra dela.
Itturri berpiztu dugu, eta orain herritarrekin batera herria ureztatu nahi dugu, herria bizitu, komertzioak indartu eta horretarako zu ere bidelagun izatea nahi dugu.